Giza Eskubideen Egunaren harira, jarduerak Irunen
Hilaren 10, 13 eta 17an izango dira ekitaldiak. Lehen kultur aniztasunaren topaketa dago jardueren artean.
Asteartean, hilaren 10ean da Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna. Horren harira, Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak hiru jarduera antolatu ditu hilaren 10erako, 13rako eta 17rako. “Giza eskubideak errespetatzeak eta pertsona guztien berdintasuna aitortzeak duen garrantzian herritar guztiak, eta bereziki gazteak sentsibilizatzeko” prestatu dituzte ekitaldiak.
Lehena hilaren 10ean bertan izango da. Giza Eskubideek Aldarrikapenaren 76. urteurrena beteko da egun seinalatuan. Lehenengoz hirian, Kultur Aniztasunaren Topaketak egingo dituzte Palmera Monteroko 5. aretoan 18:30ean hasita. Bertan izango da Tarana Karim abokatu eta aktibista. “Karimek 12 urte daramatza Euskal Herrian, euskaraz daki, eta boluntario dabil zenbait elkartetan. Etorkinek pairatzen dituzten indarkeriak izango ditu hizpide”, zehaztu du udalak.. Ondoren, jatorri eta hizkuntza askotako bost hizlarik mahai-ingurua egingo dute, migrazioei, askotariko nortasunei eta hizkuntza gutxituei buruz hitz egiteko. Amaitzeko, luntxa bat egongo da. Jarduera Garabide gobernuz kanpoko erakundeak zuzenduko du.
Abenduaren 13an, berriz, Kurrin film luzea proiektatuko dute Amaia KZn 18:00etan. Sei urtetik gorakoentzako da saioa. 17rako, beste film bat: Adu. 19:00etan jasoko du azken emanaldi hori Amaia KZk.
Ekitaldi horiek doan dira, baina aurrez tokien erreserba egin behar da Luis Marianoko turismo bulegoan, edo udalaren webgunearen bitartez.
«Oso garrantzitsua da horrelako datak ospatzen jarraitzea. Udalak zabaldu nahi duen mezua da errespetuaren bidez baino ez daitezkeela aitortu guztion giza eskubideak, eta bide horretan lanean jarraituko dugu gizartea ahalik eta justuena eta errespetuzkoena izan dadin”, adierazi du Sandra Caballero Gizarteko Ongizateko ordezkariak.