Rakel Pardo eta Imanol Sorondo, Bordari eta Satarka lehiaketako irabazleak
Satarka lehiaketan 14 lan aurkeztu dira, Bordari lehiaketan, berriz, 11 lan. Sari banaketa hilaren 13an (ostirala) izango da, arratsaldeko 18:30ean, Itsas Etxea Auditoriumean.
Hondarribiko Udalak antolatzen duen Bordari eta Satarka ipuin eta olerki lehiaketak 39 urte bete ditu aurten. Ibilbide luzea duen lehiaketa da eta azken urteetan izandako gainbeherari aurre eginez, lan mordoxka jaso dituzte aurten, eta horien kalitatea ere aipatzekoa izan dela adierazi du Garoa Lekuonak.
Hogei lan baino gehiago izan dira epaimahaikideek poliki eta sakon aztertu behar izan dituztenak: Satarka lehiaketan (olerkia) 14 lan aurkeztu dira, Bordari lehiaketan (ipuina), berriz, 11 lan.
Lehiaketa honen bidez idazle berriak sortzea, euskararen erabilera bultzatzea, eta literatur sormena eta zaletasuna sustatzea dela adierazi du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak eta “pozik” agertu da aurtengo edizioak izan duen bultzadagatik. Baita Euskal Herriko txoko ezberdinetatik jaso izanagatik ere.
Pello Otxotekok, Ainara Elizondok, Mikel Arruabarrenak eta Aritz Galarragak osatu dute aurtengo epaimahaia eta hurrengoa ebatzi dute:
Satarka sariaren irabazlea Rakel Pardo Perez izan da Deiadarraren Antologia Bat lanarekin. Bigarren saria Amaia Trejo Aldekoak eskuratu du, Beti iraganez doalako poemarekin. Hondarribia saria, berriz Ainhoa Aranburu Puentek jaso du, Kukuaren kantorea lanarengatik.
Bordari sariari dagokionez, lehenengo saria Imanol Sorondo Baltasarren Garbitzailea lanak irabazi du, eta bigarren saria Oscar Azkona Garciaren Jon Alderrai lanak. Kasu honetan, Hondarribia saria hutsik geratu da.
Sari banaketa Hondarribiko Euskal Azokaren baitan izango da. Hilaren 13an (ostirala) arratsaldeko 18:30ean, Itsas Etxea Auditoriumean. Aurkezpen lanak Arantxa Urretabizkaiak egingo ditu eta sari banaketaren ondoren Gotzon Barandiaranek Galbahea lanean oinarritutako ikuskizuna aurkeztuko du.