Bi udal ordezkari berri ditu Irungo udal gobernuak
Sandra Castelo eta Monica Martinez batu dira, eta udal ordezkari batzuen karguak ordezkariz aldatu dira ere. Halaber, udal gobernuaren programa aurkeztu du alkateak.
Abenduan urte bat igaroko da Cristina Labordak alkate makila kontu zuenetik eta aste honetan udal gobernu programa iragarri du alkateak. Halaber, bi udal ordezkari gehiago batu dira gobernura, eta orain arteko ordezkaritzen kargu batzuk ordezkariz aldatu dira. Orotara zazpi udal ordezkari ditu PSE-EEk osatutako udal gobernuak.
Sandra Castelo eta Monica Martinez batu dira Labordaren taldera; Martinezentzat ez da berria udal ordezkariaren kargua izatea eta berriro errepikatuko du, Herritarren Partaidetza delegatu izanik. Aldiz, Sandra Castelo estreinakoz arituko da ardura politikoetan eta lau ordezkaritza gidatuko ditu: Gazteria; Hezkuntza; Giza Eskubidea, Memoria Demokratikoa eta Garapenerako Lankidetza; eta Kontsumoa.
Aldaketei dagokienez, Mugikortasun eta Garapen Jasangarriaren ordezkaritza Sergio Javierrek hartu du, Borja Olazabalen ordez. Azken ordezkari honek, ordea, Hiri Garapenaren ordezkaritzari eutsiko dio, baita Kirolari ere.
Javierren ardura ziren Gazteria eta Kontsumoa, Casteloren ardurak izango dira aurrerantzean. Halaber, Javierrek Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza eta Pertsonak eta Zerbitzu Orokorrak gidatzen segituko du.
Sandra Caballerok zuen Giza eskubideak, Memoria Demokratikoa eta Lankidetzaren ardura eta Castelok hartu du hau ere. Caballerok, berriz, Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arretari eutsiko dio.
Arduretan aldaketarik izan ez duen bakarra alkateordea ere baden Nuria Alzaga izan da. Ziklo berri honetan, Ogasuna, Kultura, Berdintasuna eta Hiri Sustapena eta Ekonomia Sustapenaren ordezkari izaten jarraituko du.
Gobernu programa
2024 eta 2027 urteen artean gauzatu nahi duten gobernu programaren berri eman du alkateak eta “funtsezko agintaldi” bati erantzungo diola azaldu du. “Irunek aurrera egiten du baikortasunez, eta hirian proiektu eraldatzaile handi batzuk ditugu, herritarrei onura oso positiboak ekarriko dizkietenak. Horixe da gure bideorria” zehaztu du.
Bost ardatzetan bereizi ditu programaren ekintzak:
- Eraldatzen ari den hiria: proiektu handiak, hiri erreferentea, segurua, aktiboa eta bizia izaten jarraitzeko.
- Guztiontzako hiria: gizarte-kohesioko inbertsioak aukera-berdintasuna bermatzeko.
- Irun, hiri arduratsu, eraginkor eta jasangarriaren eredu.
- Herritarrei bizitzeko eta lanerako aukerak ematen dizkien hiria.
- Irun eta auzoak: hiri plurala, askotarikoa, parte-hartzailea, bizitzaz eta jardueraz betea.