Atxilotu bat eta bi ikertu Irunen droga salerosteagatik
Ikerketa ekainean abiatu zuten Ertzaintzak eta Irungo Udaltzaingoak. Kalamuarekin harremana duten gaiak saltzen dituen saltoki bat miatu dute.
Azaroaren 22an pertsona bat atxilotu zuen Ertzaintzak Irunen droga salerosteagatik, eta horri lotutako ikerketen ondorioz beste bi ikerketapean daude astelehenetik. Segurtasun Sailaren arabera, kalamutik eratorritako produktuak saltzen dituen Irungo denda batean sustantzia estupefazienteekin trafikatzen zuten, eta polizia operazioak, atxilotuak, eta ikertuek horrekin harremana dute. Itzulera izena jarri diote operazioari; Segurtasun Sailaren arabera, ekainetik zebiltzan poliziak (Ertzaintza eta Irungo Udaltzaingoa) kasuaren ikerketarekin.
Operazio horren barruan kalamuarekin harremana duten gaiak saltzen dituen denda hori arakatu, eta bertan 1,3 kilogramo haxix, 1,5 kilogramo marihuana kukulu, CDB kukuluak, pisaketarako eta ontziraketarako gailuak, eskudirua eta “ikerketarako interesgarriak diren hainbat dokumentu” aurkitu zituzten.