Egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jostailuak jasoko ditu Gurutze Gorriak
Haur guztien jolasteko eskubidea bermatzeko abiatu du Gurutze Gorriak 'Beren eskubideak jokoan' kanpaina.
Hondarribiko Gurutze Gorriak egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jostailuak eta jolasak jasotzeko Beren eskubideak jokoan kanpaina abiatu du. Jostailu hezigarri proiektuaren barneko kanpaina da.
Jostailu eta mahai joko berriak bildu nahi dituzte Gurutze Gorriko kideek, haur guztien jolasteko eskubidea bermatzeko, bai eta jolastearen garrantziaz ohartarazteko ere. Aldi berean, jostailuak hezkuntza erreminta gisa oso baliagarriak direla transmititzeko erronka ezarri dute Gurutze Gorrikoek. Gainera, haur bakoitzari bi liburu oparitzeko konpromisoa hartu dute aurten ere, haurren artean irakurzaletasuna sustatzeko asmoz.
Azaldu dutenez jostailuek ezin dute belikoak, ezta sexistak izan. Hain zuzen jostailu hezitzaileak izatea bilatzen baitute, errespetuzko eta lankidetzazko jarrerak bultzatzeko. “Azken batean, balio sozialak transmititzen dituzten elementuak baitira” esan dute.
Jostailuak jasotzerakoan adinaren arabera sailkatuko dituzte eta haurrei galdeketa txiki bat eginez haien gustuen edo beharren arabera banatuko dituzte.
Jostailuak Gurutze Gorriak Hondarribiko Molla Ibilbideko 7. zenbakian duen lokalera gerturatu behar dira, hurrengo egun eta ordutegietan:
- Astelehena 9: 16:00etatik 19:00etara.
- Asteartea 10: 16:00etatik 19:00etara.
- Asteazkena 11: 09:30etik 12:30era.
- Osteguna 12: 16:00etatik 19:00etara.
- Astelehena 16: 16:00etatik 19:00etara.
- Asteartea 17: 16:00etatik 19:00etara.
- Asteazkena 18: 09:00etatik 12:00etara.