Eguberriei begira jarri da Hondarribia
Gaur goizean Hondarribiko Euskal Azoka eta Eguberrietako merkatua aurkeztu dituzte. Lehena hilaren 12an zabaldu eta igandera arte (hilak 15) luzatuko da. Merkatua, berriz, hilaren 14etik 15era.
Gaur goizean aurkeztu dituzten Eguberrietako merkatuarekin eta Euskal Azokarekin Eguberriei begira jarri da Hondarribia. Bi azokak asteburu berean izango dira martxan. Izan ere, iaz azoka bakoitza bere aldetik zihoala konturatu eta testuinguru orokorrago baten baitan biltzeko beharra ikusi zutela kontatu du Estitxu Urtizberea zinegotziak.
Eguberrietako merkatua kontsolidatzen ari da eta aurten ere Santa Maria Madalena plazan ezarriko dute, karpa zuri batean. Herriko merkatari eta artisauen 16 postu bilduko ditu aurtengoak: Amuitz, AG Caligrafía, Banaka, Bale Urdina, Canela, Ena, Julia Lasa, Kapen, La Nueva, Maore Sagarzazu, Ongi Etorri, Osoki, Viv Vintage, Wear Banzai, Judas Arrieta eta 4eta2-ren postuak, hain zuzen.
Balio erantsi handiko produktuak dira herritarrek zein bisitariek merkatuan aurkituko dituztenak. “Bertakoak direlako, kalitate handikoak direlako eta esklusiboak izateko berezitasuna dutelako” nabarmendu du Urtizbereak. Postuez gain, hainbat tailer egingo dira karpa zuriaren barruan eta berezitasun moduan haurrentzako ez ezik zenbait tailer helduentzako izango direla nabarmendu du. Gainera, zuzeneko musika egongo da eta egun bakoitzean hainbat sari eta opari zozketatuko dituzte.
Merkatua goizeko 11:00etan zabalduko da, larunbat zein igandean. Itxiera ordua aldiz, ezberdina izango da bi egunetan. Larunbatean 20:00ak arte izango da zabalik, eta igandean 19:00ak arte. Ikus egitaraua.
Hondarribiko Euskal Azoka
Garoa Lekuona zinegotziak, berriz, Hondarribiko Euskal Azoka aurkeztu du. 30 urte bete ditu lehen Euskal Liburu eta Disko Azoka izenez ezaguna zenak, eta azken urteetako gainbehera gelditu eta bizi berri bat emateko erronkari heldu diotela azaldu du Lekuonak.
“Lan handia egin dute hainbat ekitaldi eta bestelako ekintza batzuekin janzteko” esan du Urtizbereak aurkezpenaren hasieran. Eta ez da gutxiagorako, azokaren iruditegia aldatzeaz gain, lau eguneko egitarau oparo bat ondu dute herriko eragile eta udal departamentu ezberdinekin.
Urtero bezala Arrantzale auzoan ezarriko dituzte argitaletxe ezberdinen proposamenak jasotzen dituzten kaxotak. Aurten Alberdania, Elkar, Erein, Ibaizabal, Pamiela, Susa eta Txalaparta izango dira bertan. HITZAk ere postu propioa izango du azokan.
Berrikuntza bezala, liburu eta diskoez gain, euskal produktuak eskaintzeko apustua egin dute ere. Hortaz gain, larunbatean (hilak 14) karpa bat ezarriko dute eta bertan egingo dituzte Antxeta Irratiak dinamizatuko dituen liburu aurkezpenak. Hala, euskalgintzari “dagokion tokia eman” eta Arrantzale auzoa euskal kulturaren “arnasgune” bilakatuko dute.
Eskaintza, ordea, ez da Arrantzale auzora mugatuko. Itxas Etxean eta Kultur Etxean jarduera ugari antolatu dituzte. Ikus egitaraua.
Lekuonaren ondotik Asier Muniategik Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak hartu du hitza. Sorreratik ezagutzen du Hondarribiko Azoka eta ezer esan aurretik, “bihotzez”, Hondarribiko Udalari eskerrak eman dizkio duela 30 urte onartutako proposamen horrek hainbeste urte jarraitu izanagatik. Eta batez ere, aurten emandako indarberritze pausoagatik, horrek azoka “bizirik jarraitzeko asmoa dagoela” erakusten baitu.
Datorren urterako, gainera, proposamen berriak egiteko konpromisoa hartu du koordinatzaileak. Azken batean, Muniategik adierazi duenez, irakurzaletasuna zabaltzea delako azoken asmoa. Baina ez edonolako zaletasuna, euskaraz irakurtzekoa baizik. Hori da hain zuzen beren buruari ezarri dioten erronka. Gazteek askotan eskolan derrigortuta irakurtzen dutela euskaraz nabarmendu du. “Produkzioaren %80a hortik doa”, eta zentzu horretan, ohiturak aldatzen joatea beharrezkoa dela adierazi du.
Horrenbestez, azokan egongo diren liburu guztiak euskaraz izango dira eta Durangoko Azokan ez bezala, guztiek %10eko beherapena izango dute.