Irungo Udala: "Irun ere, euskararen ehundegia izatea nahi dugu"
Euskararen Egunean adierazpen instituzionala egin du Irungo Udalak. "Euskarak bizirik mantentzeko behar duen mugimendua" eskaintzeko ahalegina egitera konprometitu dira.
Euskararen Eguna da gaurkoa eta Irungo Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du. Udala erakunde publikoa delako “konpromisoa” eduki behar duela “eskubide linguistiko guztiak bermatzeko” adierazi dute. “Asko ekinaren ekinaz ehuntzeko, gure kaleak gure hizkuntzaren bustidurez betetzeko. Irun ere, euskararen ehundegia izatea nahi dugu”.
Euskararen ehuntze ariketa denen ardura dela azaldu dute; “erakunde publikoona eta gizarte eragileona”. Horretarako, ekina ezinbestekotzat jo dute, eta euskarak mugimendua behar duela uste dute, “bere-berea duen bizia mantendu eta geroz eta biziagoa izateko”. Horrela, euskararen distirak aniztasunetik guztiok zipriztinduko du.
Irunen, egunez egun “euskarak bizirik mantentzeko behar duen mugimendua” eskaintzeko ahalegina egitera konprometitu dira. “Euskara guztiona da. Hemen gauden eta etorriko diren guztiona. Irabaz dezagun elkarrekin euskararen bidea” bukatu dute.