Euskararen aldeko olatu berriaren eragile izango da udala
Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek sinatu dute Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena. Euskararen aldeko erantzukizuna eta konpromisoa berretsi dute.
Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek sinatu dute Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena, eta finean, euskararen aldeko olatu berria sortzeko erantzukizuna eta konpromisoa berretsi dute.
“Euskal herritarren %13k erabiltzen du euskara erdarak baino gehiago; %8 aritzen da euskaraz erdaretan baino errazago; eta, transmisioari erreparatuz gero, Hegoaldeko haurren %17k jaso du etxean euskara nagusitasunez. Era berean, euskal herritarren %4 soilik bizi da euskara nagusi den eremuetan”. Zentzu horretan, euskarari eusteko hizkuntza politikak egitea ezinbestekoa dela adierazi dute eta erronka berrien aurrean -aldaketa demografikoak edo globalizazio egoerak, kasu- jauzi berri bat emateko unea dela zehaztu dute, “aurrerantz egiten ez badugu atzerantz egingo dugulako”.
Eginkizun horretan arnasguneen eta udalerri euskaldunen garrantzia nabarmen dute eta hizkuntza naturalki transmititzen diren eremuak babesteko konpromisoa hartu dute alderdi guztiek. Hala, euskara mantentzeko eta zabaltzeko “bizi-indarrari eutsi” eta olatu berria sortzeko unea dela esan dute, eta udala olatu horren eragile izango dela.