Indarkeria matxistaren aurrean, tolerantziarik ez
Elkarretaratzea egin dute San Juan plazan indarkeria matxista salatzeko. 24 orduan bi hilketa matxista jazo direla salatu dute.
Iragan larunbatean (azaroak 30) 53 urteko gizon batek 45 urteko emakume bat hil zuen suzko armaz. Eskalantegi kaleko etxebizitza batean izan zen hilketa, eta ondoren, auto batean ihes egin zuen hiltzaileak. Villabonako Udaltzaingoan bertaratu zen geroago, eta bikotekide ohia hil zuela aitortu zien. Unean bertan atxilotu zuten eta zer gertatu zen ikertzen ari da Ertzaintza.
M8 Asanblada feministak irmo gaitzetsi du Pasaiako erailketa matxista eta ohartarazi dute 24 ordu baino gutxiagoan Euskal Herrian bi hilketa matxista jazo direla. Pasa den astelehena (hilak 25) Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izan zen eta orduko “aldarrikapenak eta oihuak” gaur oraindik ere entzuten badira ere, “terrorismo matxistak” astintzen jarraitzen duela salatu dute.