Euskara kontzientzia lantzeko proiektua
Udalerriko hiru eskolek, Hondarribiko Udalak eta Emunek elkarlanean duten proiektuari segida emateko hiru urteko kontratua sinatu berri dute, eta luzagarria izango da.
Euskaratik berrikuntza sozialean eraldaketarako lan egiten duen kooperatiba da Emun, eta duela urtebetetik hiriko hiru hezkuntza zentroen bidelagun da, udalarekin batera. Elkarrekin hizkuntza asertibitatea, kontzientzia linguistikoa eta hizkuntza portaera ekologikoak lantzeko proiektu integrala ontzen ari dira.
Lehen minututik ezagutzen du Ainhoa Lasak proiektua. Emuneko aholkularia da, eta Martin Ugalde Kultur Parkean lanean zebilen egun batean, bertako langile eta Talaia Eskolako Lehen Hezkuntzako Guraso Elkarteko kide den batekin kafea hartzen ari zela, honakoa galdetu zion: «Zuek zer edo zer egiten al duzue hezkuntzan?». Galdera sinple hura izan zen egitasmoa pizteko lehen txinparta. Talaia Guraso Elkarteko kideei Zarautzen duela hamar urtetik egiten duten lana azaldu, eta halako zerbait egiteko beharra argi ikusi zuten. «Laguntzeko prest ginela esan genien, baina edozein kasutan herri mailako lanketa izan behar zela, herriko diskurtso soziala aldatzeko».
Orduan, gainontzeko eskoletako zuzendari eta arduradunekin bildu eta, «nork bere lekutik», kezka berdintsua zutela ikusi zuten Emunekoek, eta eskolatik eskolara eta udaleko zenbait departamenturekin lan egiteko prest agertu ziren. Udalaren babesarekin, argi berdea eman zioten proiektuari.
Orduko hartan ezin imajinatu zezakeen Lasak konpromisoa zenbaterainokoa izango zen. «Izugarria izan da. Ekainean egin genuen aurreko ikasturteko azken bilera, eta urrikora etxeko lan pila bat eginda etorri ziren. Harrituta geunden. Gu kurtsoa irekitzera gindoazen, baina lanean hasita zeuden ordurako. Oso eskertuta gaude. Horren jarrera proaktiboa ez da ohikoena izaten. Erreaktiboa, konpromisozkoa eta txukuna, bai, baina hau beste koska bat harago joan da». Nolabaiteko gosea eta ilusioa antzeman zituen Lasak bilera horretan.
2023-2024 ikasturtea
Aurtengo urtarrilean hasi ziren lehengo pausoak ematen. Emuneko aholkulariek DBHko 4. mailako ikasleekin pare bat saio egin zituzten, ironikoki Gaztelaniaren abantailak deiturikoak. Gazteek zuten diskurtsoa ezagutzea izan zen dinamika horien helburua, «nola bizi zituzten hizkuntzak, emozionalki euskarak nola ukitzen dituen…». Bildutakoaren irakurketa egin eta hainbat lantalde sortu zituzten. Batetik, talde motorra sortu zuten. Hiru eskoletako zuzendariak, udaleko ordezkariak eta Emuneko kideak daude bertan. Beste alde batetik, hiru talde eragile —HHko, LHko eta DBHkoak—. Lehen bi maila horietan lan egitea erronka potoloa izaten ari da Emuneko kideentzat.
HHn eta LHn ikas orduetan hizkuntzaren kontzientziazioaren lanketa egiten hasteko guneak, momentuak, egitekoak, metodologia… identifikatu zituzten iaz; hau da, adin maila ezberdinetan hizkuntzari buruz izan beharko luketen kontzientzia maila identifikatu eta elkarrizketa horiek nola sortu aztertu zuten. 2024-2025 ikasturtean landutakoak ikasgelara eramango dituzte.
DBHn, aldiz, bi interbentzio mota egingo dituzte. Batetik, aholkulariek ikasleekin launa soziolinguistika saio egingo dituzte eskola bakoitzean eta horietan bai, ikasleengan «klak» bat bilatuko dute. Bestetik, irakasle bakoitzak bere ikasgaia «traizionatu» gabe euskara kontzientzia pizten ahaleginduko dira. Orain artean maila bakoitzean zer landuko duten identifikatu dute, eta aurtengo ikasturtean edukia sortzea izango dute helburu.
Aldaketarako indarguneak
DBH4ko gazteekin egindako saioetan, haiek euskararen erabilera baxua dela, eredu falta dagoela, ez dituztela eredu euskaldunak ezagutzen, edo lotsa eta deserosotasuna aldagaiak direla adierazi zuten. Baina, aldi berean, aukera izan daitekeen indargune bat identifikatu zuten aholkulariek: «Iruditeriari dagokionez hondarribiartasuna eta euskara bat doaz da gazteentzat, era orokorrean gainera». Erantzukizunarekiko pertzepzioari dagokionez, berriz, gehiago egin beharko luketela uste dutela azaldu du Lasak, «orain zergatik eta zertarako falta zaie».