Etorkizuneko tren geltoki berrira bisita egin dute
2025 urte bukaerarako Renferen bi errei martxan egongo direla iragarri dute. Katean, berriz, pasabide berria uztaila bitartean bukatzea aurreikusi dute. Jarduketa hauen protokoloa sinatu dute ofizialki ere.
Geltoki kalean etorkizuneko tren, topo, Abiadura Handiko Tren (AHT) eta autobusa batuko dituen geltoki intermodala egiten ari dira eta gaur obra horietara bisita egin dute. Bertan izan dira Cristina Laborda alkatea, Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburua, Azahara Dominguez Mugikortasun diputatua eta Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun ministerioko idazkaria. Garraio enpresen eta obren hainbat ordezkari ere gerturatu dira.
Trenbide eremua integratzeko protokoloa pasa den hileko osoko bilkuran onetsi zuten aho batez, eta gaur protokolo hori sinatzeko ekitaldi instituzionala egin dute ere udaletxean. Protokoloaren arabera, ETSk bere bide eta geltokiak berritzeko azterlan eta eraikuntza proiektuak egingo ditu; Adifen ardura, berriz, bere azpiegiturak birmoldatzea izango da, baita Txanaleta plaza berreraikitzea eta pasarela egokitzea ere; Irungo Udalak topoaren trazadura berria ViaIrunen eremuko hiri antolamenduan txertatuko du.
Plan honekin batera, Kolon ibilbideko, Belaskoeneko eta Kateko geltoki berriak eraikiko ditu ETSk, eta gaur egungo geltokiak trazadura berritik kanpo geratuko dira. Zehazki, Belaskoeneakoa eraberritu egingo dute eta Kolonen beste bat eraiki. Periferiako auzoaren kasuan, udalak proposamena egina dio ETSri beste geltoki bat eraikitzea baina erantzunaren esperoan daude.
Bestalde, ETSk Donostia eta Bentak eta Ficoba geltokien arteko tartea eraikitzeko azterketak eta proiektuak idatziko ditu, trazadura berriak egiteko beharrezkoak izango baitira.
Geltoki berria
Urtebete pasa da geltoki zaharra eraitsi eta berria eraikitzeari ekin ziotenetik, eta aurreko hileko osoko bilkuran azaldu zuten 2032. urterako geltoki guztia bukatuta egongo dela. Horrez gainera, gaur jakinarazi dute geltoki berriko lehen bi erreiak 2025 urte bukaerarako martxan egongo direla. Halaber, data berdinerako ibilgailu partikularrentzako eta autobusentzako aparkalekua estreinatzea espero dute.
Katea
Egunean zehar egin dituzten bisitak Katea auzoan hasi dituzte, eraitsi berri duten Andrearriaga murruaren ondoan.
Letxunborro hiribidea Andrearriaga kalearekin batuko duen pasabidearen lanekin hasiko dira urtarrilean eta uztailera bitarte luzatzea aurreikusi dute. Hiru baok eutsiko dute estruktura berria.