Minduta irten dira kalera hondarribiarrak
Emeki elkarteak deitutako elkarretaratze isilaren bidez hondarribiarrek babesa erakutsi diote bikotekide ohiak hildako emakumeari eta haren familiari.
Duela astebete izan zen Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna (azaroak 25), eta herritarrak kalera irten ziren gizartean errotuta dagoen kultura matxistari aurre egiteko. Performance baten bitartez bost emakumeren hilketak irudikatu zituzten. Ezin pentsa zitekeen orduan handik bost egunetara gertatuko zena.
Azaroaren azken egunean gizonezko batek haren bikotekide ohia hil zuen Pasai Antxon. Hurrengo egunean egin zuten Pasaitarrek elkarretaratzea eta Pasaiako Mugimendu Feministako kideek amorruz hitz egin zuten isila izan zen elkarretaratzearen ondoren: “Indarkeria matxistaren beste biktima bat ez egoteak min egiten digu, bere galerak etenik ez duen amorrua pizten du”. Leonorren bizilagunak “justizia” eskatzeko irten ziren kalera eta “etenik ez duen indarkeriaren aurrean erantzun irmoa erreklamatzeko”.
Helburu berarekin elkartu dira Hondarribiarrak gaur arratsaldean Martxoak 8 plazan. Elkarretaratze isila eginez bikotekide ohiak hildako emakumeari babesa erakutsi nahi izan diote eta hamabost minuturen buruan minez betetako txaloekin hautsi dute isiltasuna. Elkarretaratzea isila izan bada ere, kartel baten bidez “iraultza feminista” aldarrikatu dute.