Lehenengo Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketa Irun eta Hondarribian egingo da
Urriaren 19 eta 20an elkartuko dira arte diziplina honen zaleak eta artistak. Auteogestionatutako topaketa hau, bi hirietako txoko ezberdinetan egingo da.
Urriaren 19an eta 20an, lehenbiziko Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketa egingo da Irun eta Hondarribian. Antolatzaileak Ostomila taldeko Zoa Tamara Cuellar eta Ruben Mejuto dira, eta sektoreko profesionalen arteko lankidetza sustatzeko eta haien lana aitortzeko helburuarekin burutu dute antolaketa. [Egitaraua, bukaeran].
Topaketa honetan, txotxongilolariak eta haien zaleak elkartuko dira eta Euskal Herriko txotxongilo antzerkiaren esperientziak, ezagutzak partekatzeko eta aniztasuna ospatzeko xedearekin egingo dute. Lehen edizioa izango da eta arreta emakume txotxongilolarietan jarriko dute, arte honen garapenean egindako ekarpen garrantzitsuak mahai gaineratuz.
Horretarako, hausnarketa mahaiak, ikuskizunak, kalejirak eta tailerrak egingo dituzte, txotxongilolarien ibilbidea, aurre egin beharreko erronkak eta etorkizuneko aukerak aztertzeko. Egitaraua “zabala” dela azaldu dute antolatzaileek eta parte hartzailea. Gainera, Larraitz Urruzolaren Dona Barriga Verde antzezlana estreinatuko da topaketetan euskaraz.
Topaketa hau proiektu autogestionatu eta independentea da eta kolaborazio asko izan ditu, hala nola, artistena, auzo elkarteena, udalena eta hainbat kultur eragileena. Jarduera guztiak doakoak izango dira eta edonork parte hartu dezake.