Hiri autobuserako proiektua hobetu daitekeela uste du EAJk
Hondarribiko EAJk hiri autobusaren maiztasuna 30 minutukoa izan ordez 20 minutukoa izatea eskatu zuten plenoan. Alkateak, ordea, Hondarribiko Udala egiten ari den esfortzua errekonozitzekoa dela adierazi zuen.
Hondarribiak hiri autobus propioa izateko proposamena aurrera atera zen iragan osteguneko osoko bilkuran. Alderdi politiko guztiek aho batez onartu zuten proposamena. Hala ere, Hondarribiko EAJk hiri autobusaren maiztasuna 30 minutukoa izan ordez 20 minutukoa izatea eskatu zuten plenoan. Gainera, zerbitzu honek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin bat egiteko eskatu zuten. Era horretan, zerbitzua hiri autobusen sarean sartu eta Mugi txartela erabili ahal izateko.
Bilkuran bertan, Igor Enparan alkateak azaldu zuenez, epe luzera begira egonkortasun finantzario baten ikuspegitik zalantzak daude eta bere irizpenaren arabera planteatu beharko litzateke maiztasuna handitu baino maiztasuna murriztea edo ordutegiak murriztea. “Hori da ikusten duguna” esan zuen, “ikusten duguna da ordutegi zabal batekin aukera ematea astelehenetik igandera autobus zerbitzua martxan egotea. Baina estimazioak dira” errepikatu zuen behin eta berriz. Proiektuak hainbat puntutan beste herriekiko autobus zerbitzuekin elkar lotura izatea aurreikusten du ere eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio Publikoaren diputatuarekin herritarrentzako zenbait hobekuntza egitea adosteko lanean dabiltzala aurreratu zuen. “Denoi gustatuko litzaiguke maiztasuna 3 minutukoa izatea, baina ditugun baliabideekin Hondarribiko Udala egiten ari den esfortzua errekonozitzekoa da”.
Bilkuran, bestalde, Garraioaren Lurralde Agintaritzara atxikitzeko proposamena onartu zuten. Aho batez honakoa ere. Hala, beharrezko tramiteak egin ondoren, urte amaieran edo 2025eko urte hasierarako herri mailako autobus zerbitzu bat martxan egoteko helburua berretsi zuen alkateak.