Hendaiako komisariara deitu dituzte zazpi pertsona, migranteak laguntzeagatik
Atxikimendua erakusteko eta mugak "behin betiko" irekitzeko eskatzeko elkarretaratzea egingo dute urriaren 2an, Hendaiako komisariaren aitzinean.
Ipar Euskal Herriko erakunde sozial, politiko edo sindikaletako zazpi kide Hendaiako komisarian deklaratzera dei egin du poliziak, migranteak Frantziako Estatuan sartzen laguntzea leporatuta. Zazpi kide horiek pairatzen duten eta etorkizunean beste edozeinek pairatzen duten errepresioa salatzeko atxikimenduak bilatu dituzte eta Irungo Harrera Sareak atxikimendua adierazi du, tartean.
Gainera, mobilizazio bat ere iragarri dute urriaren 2rako, deklaratzera deitu dieten egunerako. Horrela, egun horretako 08:45ean Hendaiako komisariaren aurrean bilduko dira elkartasuna adierazteko, eta mugak behin betiko irekitzea eskatzeko zirkulazio askea bermatze aldera.