Badatoz Amute-Kostako jaiak
Auzo elkarteak hiru eguneko egitaraua prestatu du jai giroan murgiltzeko. Urriaren 5ean izango da bazkari herrikoia.
Urriaren 4an hasiko dira Amute-Kostako jaiak eta urriaren 6ra arte jai giroan murgiltzeko egitarau zabala prestatu dute. Aurreko egunean (urriaren 3an) lokalak apaintzeko hitzordua egingo dute, 18:00etan.
Urriaren 4an arratsaldeko 17:00etan botako dute traka, arratsaldeko 17:00etan. Segidan txokolatada egingo dute Ondare okindegiaren laguntzarekin. Txokolatadan bertan futbola, aurpegi margoketa, marrazki tailerra, tatuajeak, puztukiak, buruhandiak eta haur jokoak izango dira besteak beste. 17:30etan, berriz, mozorro lehiaketa egingo dute. 19:30etik aurrera Oiasso txaranga auzoko kaleetatik ibiliko da eta eguna goxo bukatzeko 21:00etan afari herrikoia egingo dute Antton plazan.
Hurrengo egunean (urriak 5) goizeko 10:00etatik 14:00etara gaztelu puzgarriak ezarriko dituzte Antton plazan. 11:00etan Pedro Gonzalez III. Margo Lehiaketa hasiko da. 14:30ean sabelak baretzeko bazkari herrikoia egingo dute. Menua honakoa: Entremesak, paella, salda (umeek makarroiak), eta postrea. Azken honetarako auzotarren kolaborazioa eskatu dute elkartetik. Izan ere, antolatu duten postre lehiaketara aurkezten diren gozoak izango dira azken plater gisa dastatuko dituztenak. Ondoren, kafea, kopa eta txanpaina banatuko dituzte. Ogia, ardoa eta ura menuaren barne egongo dira.
Elkartekoek gogorazi dutenez bazkari herrikoia den heinean guztien laguntza ezinbestekoa izango da bazkaria prestatzeko, banatzeko, jasotzeko… Txartelak gaur eta bihar artean erosi behar dira, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara auzo elkartean. Helduek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 6 euro. Epez kanpo apuntatu nahi duenak (txartelak geratuko balira) bikoitza ordaindu beharko duela ohartarazi dute. Guztira 220 lagunentzako tokia dago.
Bazkaria amaitutakoan sari banaketa bat egingo dute eta segidan, bingoa hasiko dute. Eguna alaitasunez bukatzeko 18:00etan dantzaldia antolatu dute. Honakoa lokalean izango da. 18:30ean toka txapelketa egingo dute eta iluntzeko 21:30ean, gaztetxoen gozamenerako, zezen ura irtengo da.
Igandean (urriak 6) 08:00etan auzotik igaroko dira Hondarribiko Txistulariak. 09:30etan lokalen garbiketa egingo dute eta 12:00etan traka botako dute, Josu Hasiera Irriyuan. 12:05ean, pasealekuan, Anttoni Kroketen III. lehiaketa abiatuko dute eta bost minutura sokatira ria txapelketa hasiko dute. 13:30ean, bazkaltzeko tartea egin baino lehen toka ria harria txapelketari ekingo diote. Arratsaldean 17:30etan ukelele kontzertua izango da entzungai, lokalean. 18:30ean Amute Folk Taldea abesbatzaren txanda izango da. Jaiak bukatu aurretiko azken ekintza izango da. Iluntzeko 21:00etan emango baitiote bukaera jaiei.
Argazki eta futbol lehiaketa
Urriaren 3an (ostirala) zabalduko dute lehiaketa, arratsaldeko 18:00etan, eta urriaren 6an iluntzeko 21:00etan itxiko dute. Argazki guztiek Amute-Kostako jaiak gaiarekin zerikusia izan beharko dute. Horiek elkartearen Whatsappera bidali beharko dira: 943 57 73 10. Parte hartzaile bakoitzak gehienez 3 argazki aurkeztu beharko ditu eta ezinbestekoa izango da originalak, hau da, argitaratu gabeak izatea. Gainera, argazkiak urriaren 4tik 6ra bitarte ateratakoak izan behar dutela gogorarazi dute. Urriaren 7an jakingo da irabazlea, elkarteko kideak zuzenean jarriko dira harekin harremanetan.
Jaiak iraun bitartean futbol txapelketa egingo dute. Zazpi eta hamabi adin tarteko umeentzako txapelketa izango da. Urriaren 4an zabalduko dute apuntatzeko epea, 17:45ean, futbol zelaian. Partida 18:00etan hasiko da eta finala larunbatean jokatuko dute.