JaionE jaialdi kuir transfeminista, bihar Lakaxitan
17:00etan abiatuko dira Moskutik gaztetxera, bizikletan. Gorputz eta identitate disidente artistei lehentasuna eman eta espazio transmaribibollo seguru bat sortu dute.
Bihar (larunbata) JaionE jaialdi kuir transfeminista ospatuko da Lakaxita gaztetxean. JaionE uda aurretik egiten den Jaion jaialditik datorrela adierazi dute antolatzaileek. Jaialdi horretan kamioi batekin joaten dira Moskutik Lakaxitara, eta kamioi hori martxan dagoela musikariak igotzen dira bertan dagoen oholtzara. Jendea kamioaren atzetik joaten da gaztetxera, eta bertan kontzertuak egiten dituzte. Udaberrian jaialdi horren 20. urteurrena ospatu zuten.
Orain, baina, beste erpin batetik heldu diote jaialdiari, kultura kuir eta transfeministari ahotsa eman baitiote, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio bat sortuz. Antolatzaileek aitortu dute “ilusio handiz” prestatutako egitaraua osatu dutela, eta musikaz gain, beste arte espresio batzuei ere txoko bat eskaini dietela.
Biharko egitarauari dagokionean, Moskutik Lakaxitara bizikleta martxa bat antolatu dute, 17:00etan aterako dena. Ibilaldia musikak girotuko du, eta Balazta elkartearen laguntza izango dute. Oinez joateko aukera ere izango du nahi duenak. Lakaxitara iritsitakoan, manifestu bat irakurriko dute, eta ondoren hasiko dira bertan antolatutako jarduerak.
Lehenik eta behin, Nerea Hernandez dantzari donostiarrak salsa eta batxata kuir eskola bat emango du. Ondoren, AyDragmela talde bizkaitarrak drag emanaldi batekin girotuko du Lakaxita. Afalostean, Iruñeko Plazeratu kolektiboko maKeda eta Adrien Bodyk musika jarriko dute. Gaueko emanaldiak, aldiz, etxekoen eskutik iritsiko dira gaztetxera: Alicia Kiss eta Julene Queen-en musika eta showa eta Lola Von Pololaren musika dantzagarria. Afaltzeko aukera beganoa egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek, 5 euroan. Lakaxitako sarrerei dagokionean, sarrera orokorrak 8 euroko prezioa du, eta pertsona prekarizatuenak, 5 eurokoa.
Espazio “seguru” eta “goxo” bat bermatzeko, brigada bat antolatu dute Lakaxitako kideek, “aske” eta “lasai” gozatzeko. “Pertsona guztiak izango dira ongi etorriak, ez aldiz jarrera guztiak”, esan dute antolatzaileek. Autogestionatutako egitaraua izanik, txandak antolatu dituzte, eta laguntzeko prest dagoen oro antolakuntzarekin harremanetan jartzea animatu dute. Igandean ere garbiketa orokorra egingo dute.