Irteera mikologikoa Lapurriturrirekin
Inguruan aurki daitezkeen onddoak ezagutzeko ibilbide gidatu bat antolatu dute urriaren 12rako, 11:00etatik 12:30era. Izen emateak hilaren 30etik urriaren 7ra bitartean egin behar dira.
Lapurriturriko informazio puntuaren denboraldiak aurrera darrai, eta proposamen berri batekin dator. Mikologia ardatz, inguruko mikologia ezagutzeko ibilbide gidatu bat antolatu dute urriaren 12rako, 11:00etatik 12:30era. Irteera Lapurriturriko informazio puntuan hasi eta bukatuko da.
Ibilbidean Aiako Harria parke naturalean aurki daitezkeen onddoak ezagutaraziko dituzte, espezie adierazgarrienak nabarmenduz eta mikologiari buruzko oinarrizko informazioa helaraziz. Irteera Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia saileko kide batek gidatuko du.
Izen emateak hilaren 30etik (astelehena) urriaren 7ra bitartean egin behar dira, 010 zenbakira deituta edo Irungo Udalaren webgunearen bidez. Inskripzioak betetzean, parte hartzaile bakoitzaren izen-abizenak eman behar direla adierazi dute antolatzaileek. Horrez gain, mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatu dute.
Lapurriturrik 15 urte daramatza bisitariei parkea ezagutarazten, eta horretarako, hainbat jarduera egiten ditu denboraldian zehar. Horietako bat da urriaren 12ko irteera mikologikoa. Informazio puntua, gainera, zabalik egongo da asteburu, jaiegun eta zubi guztietan urriaren 31ra arte, 09:30etik 13:30era.