Hondarribiko hiri autobusaren proposamena, aurrera
Atzoko udalbatzarrean ahobatez erabaki zuten zinegotziek zerbitzuaren beharra. Udalak bere gain hartuko lituzke herri barruko autobus publikoaren gastuak.
Hondarribiak bere hiri autobus propioa izateko bidea hasi du. Atzo egindako udalbatzarrean, alderdi politiko guztien ahobatezko erabaki bidez, hiriak zerbitzu hori izan behar duela adostu zen, horren egokitasuna eta beharra nabarmendu zuten zinegotziek. Erabakia ez zuten ausaz hartu herritarren ordezkariek. Izan ere, gaiari eusteko memoria bat egina dago, eta hain justu da atzo onartu zena. “Txosten horrek jasotzen du zerbitzua martxan jartzeko justifikazio sozial, juridiko eta ekonomikoa. Horietan ikusten da herritarrentzako oinarrizko eta beharrezko zerbitzua dela, eta udalak gastu hori bere gain hartzeko gaitasuna duela”, adierazi zuen atzokoan Igor Enparan alkateak.
Esandako horiek zenbakietara eraman zituen udal agintariak. Hondarribia barruko autobus publiko zerbitzua izatearen urteko hasierako gastua 406.000 eurokoa izango dela zehaztu du; horri, urtero-urtero %5eko kostua gehitu beharko zaiola azaldu du. Baina prest da horri aurre egiteko. “Apustu irmoa da. Badakigu eragina izango duela udalaren aurrekontuetan. Udalaren ahalegina aitortu behar da, legez ez baitago behartuta zerbitzu hau martxan jartzera. 50.000 biztanletik gorako herrietan derrigorrezkoa da, ordea”. Hala, apustu horri beste alderdi guztiek erabateko adostasuna azaltzeagatik kontent azaldu zen Enparan, “eskertzen dut alderdi guztien aldeko botoa. Proiektua horrela sendoago hasi da”.
Jada udal barneko adostasuna bermatuta, eta gastuari aurre egiteko gaitasuna izanda, egin beharreko aurrera urrats gehiago zehaztu ziren atzoko osoko bilkuran. Tartean, garraio publikoen zerbitzuekin derrigorrezkoa denez, Garraioaren Lurralde Agintaritzara atxikitzeko proposamena onartu egin zuten hamazazpi zinegotziek. Agintaritza horren helburuen artean dago zerbitzuen, sareen eta tarifen koordinazioa sustatzea eta bultzatzea, bai eta erabiltzailearen eskura eskaintza hobea jartzea ere, garraioaren erabilera bultzatzeko eta suspertzeko azken helburuarekin. Hala, Hondarribiko zerbitzua tarifen sistema integratuaren barnean sartzea da asmoa, hau da, Mugi sistemaren barrukoa izatea.
Beste gaiak
Beste gaien artean, horietako batek udal langileen, korporazioko kideen zien behin-behineko udal langileen ordainsariekin zuen harremana. Denei haien soldatak %2 handitzea adostu zuten zinegotziek, aho batez. Ondoren, 2024ko udalaren plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatzeko proposamena aztertu eta onartu zen, Abotsanitzen, EAJren eta EH Bilduren aldeko bozkekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin.
Kreditu aldaketa bat ere onartu zen atzokoa, 539.999 eurokoa. Horren zati handiena (434.000 euro), Higer bideko mendi-hegal bat egonkortzeko lanak ordaintzeko erabiliko da; martxoaren 3an izan zen han luizia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak presazko prozeduraz egin behar izan zituen egonkortze lanak. Hala, udalak obrak koordinatzeko lankidetza hitzarmena sinatu du foru erakundearekin, nahiz lanen erdia (869.000 eurokoa da aurrekontu osoa) ordaintzeko.