'Acuerdo Comunitario Ya' dokumentala, urriaren 3an Kabigorrin
Komunitate afrokolonbiarrek Kolonbiara eta mundura egiten duten deia jaso du proiekzioak, giza eskubideen urraketa sistematikoari bukaera emateko. Dokumentala 19:30ean hasiko da; ondoren, hitzaldi bat egingo dute.
Kabigorri Ateneoak Acuerdo Comunitario Ya dokumentala proiektatuko du urriaren 3an, 19:30ean. Dokumental hori Human Conet kolektibo kolonbiarrak sortu du, eta komunitate afrokolonbiarrek Kolonbiara eta mundura egiten duten deia jaso dute, Buenaventurako ibai arroetan familiei eragiten dien giza eskubideen urraketa sistematikoari bukaera emateko.
Antolatzaileek adierazi dute gatazka armatuak “bortizki” jotzen dituela eremu horiek. Legezko eta legez kanpoko talde armatuek beren bizilekua kontrolatzen dutela jakinarazi eta horrek beren bizitzak arriskuan jartzen dituela gaineratu dute. Dokumentala talde armatuei eta Kolonbiako Estatuari zuzendutako eskakizun “urgentea” da, bizitza mehatxatzen duen sistema baten egiturazko arazoak azaleratzen dituena.
Horrez gain, erresistentzia borrokak eta komunitateen auto babeserako estrategiak ere islatzen dituela nabarmendu dute, “babestu eta entzutea merezi duten bake egitasmoak ordezkatzen dituztelako”. Dokumentala landako eta hiriko Buenaventuran zentratzen da, eta beren lurraldeak utzi dituzten komunitateen eta bertan irauten dutenen historia kontatzen du. Proiekzioak zonalde horren eragina babestu nahi du, Komunitate Beltzen Prozesuarekin, iniziatiba propioetan antolatuta baitaude, eta talde armatuekiko bake mahaietan egotea eskatzen baitute.
Dokumentalaren ondoren hitzaldi bat egingo dute, Manoli Etxeberriarekin eta Juan Santoyo dokumentalaren zuzendariarekin. Komite Internazionalisten kide eta Kolonbiako lurraldean bizitza, bakea eta iraunkortasunaren aldeko karabana humanitarioaren parte hartzailea eta Human Conet-eko koordinatzailea dira, hurrenez hurren.