Merka2dasoak urteko azken azoka egingo du urriaren 5ean
Bigarren eskuko objektuen azoka 10:00etatik 14:00etara izango da, Zabaltza plazan. Salmenta postua jarri nahi dutenek hilaren 30era arte eman dezakete izena Txinzerren webgunean.
Urriaren 5ean (larunbata) Merka2dasoak urteko bigarren eskuko objektuen azken azoka egingo du. 10:00etatik 14:00etara bitartean izango da, Zabaltza plazan, eta herritarrek egoera onean dauden askotariko artikuluak erosteko aukera izango dute; hala nola, kirol materiala, arropa, poltsak, jostailuak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak edo antigoaleko gauzak.
Azokan salmenta postu bat jarri nahi dutenek hilaren 30era arte eman dezakete izena Txinzerren webgunean dagoen galdetegi bat betez. Postu partikularra jartzeaz gain, merkatuak gordailuan saltzeko espazio bat izango duela jakinarazi dute antolatzaileek, eta bertan postu propiorik ez dutenek beren objektuak uzteko aukera izango dute, antolakuntzak sal ditzan.
Merka2dasoa merkatu bat baino gehiago dela adierazi dute antolatzaileek, bere helburuak hondakinak murriztea eta jada erabiltzen ez diren objektuen bizitza luzatzea baitira. “Aukera bikaina da herritarrak beste modu batean sentsibilizatzeko eta, aldi berean, ohitura jasangarriak sustatzeko”, esan du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen gerenteak. Zubiturrek herritar guztiak animatu ditu azokara gerturatzera, eta murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen garrantzia nabarmendu ditu: “Merka2dasoa aukera ezin hobea da balio horiek martxan jartzeko eta gure ingurunea zaintzen laguntzeko”.