GazteARTEan bekaren emaitzak aurkeztu dituzte
Uxue Azkarate Gambrak osatu du aurtengo ikerketa 'Nerabeak, autoirudia eta sare sozialak: arte hezkuntzaren bidezko begirada kritiko bat' lanarekin.
GazteARTEan bekaren bosgarren ekitaldiaren ikerketa lanaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean Sergio Javier Irungo Udaleko Gazteria ordezkariak. Aurtengo edizioan Uxue Azkarate Gambra erandiotarraren Nerabeak, autoirudia eta sare sozialak: arte hezkuntzaren bidezko begirada kritiko bat lana saritu dute, eta Javierrekin batera jakinarazi ditu emaitza horiek. Azkarateren lanaren xedea izan da aztertzea zer-nolako eragina duten gazteen autoestimuan eta autoirudian sare sozialetan presente dauden edertasun kanonek; bereziki nerabeetan, etapa horren ezaugarri baitira aldaketa fisikoak eta horien ondoriozko segurtasun ezak.
Azkarateren ikerketa gauzatzeko, hainbat tailer praktiko egin dira Irunen. La Salle ikastetxean hiru saio egin dira DBH1eko 30 ikaslerekin. Horrez gain, Artia eta Martindozenea gaztelekuetan ere izan dira ikerketa lantzen.
GazteARTEan beka udaleko haur, nerabe eta gazteen arloko egitasmo bat da, 35 urtetik beherako gazteei begirakoa. Ikerketa lan horren xedea da gazteen egitasmoak autonomikoki garatzen laguntzea eta gazteen artean ikerketa lana bultzatzea eta akuilatzea. Aldi berean, udalaren eta gazteen artean lan egiteko lerro bat irekitzea ere bilatzen du.
Bekaren bosgarren ekitaldiko emaitzak aurkeztu dituzte, eta udalak martxan du jada seigarrena. Gazteria arloak gogorarazi du urriaren 4a dela ikerketa proiektuak aurkezteko azken eguna. Bekaren deialdiaren inguruko informazio guztia Irungo Udalaren webgunean dago eskuragarri.