Bertako produktuaren astea, irailaren 30etik urriaren 6ra
Bertako produktu freskoak eta jarduera ekonomikoak ezagutzeko astea izango da. Aurtengo eskaintza inoizko zabalena izango da.
Irailaren 30etik urriaren 6ra antolatu dute Bertako Produktuaren Astea. Lehen sektoreari bultzada emateko eta Hondarribiko ekoizle zein profesionalen lana balioan jartzeko egitasmoa izateaz gain, herritarren kontsumo ohiturak osasungarriago bihurtzeko helburua du asteak. Gaur (asteazkena) aurkeztu dute jardueren programazioa.
Orain artean apirilean egiten zen egitasmoa, baina data horietan bertako produkturik ia ez zela konturatu ziren, eta aurten, baratzeko zein itsasoko produktuei lehentasuna ematen ahalegindu dira, data aurreratuz.
Bertako produktu freskoak eta jarduera ekonomikoak ezagutzeko eskaintza zabala prestatzen dute urtero. Aurten, bereziki, fokua dibulgazioan jarri dutela azaldu du Estitxu Urtizberea Jarduera Ekonomikoetarako zinegotziak: «Kontsumo eta elikadura ohitura osasungarri eta jasangarriak sozializatzeko helburua izango dute».
Eskaintza zabala
Aurten, gainera, esfortzu berezia egin dute eskaintza zabaltzeko. “Eskertzekoa da oraingoan aldaketa txiki bat eman izana. Aurten presentzia askoz ere zabalagoa da: ganadutegiak daude, arrantzaleak, erleak, txokolatea…”, azaldu du Botika Agroaldeko Leire Etxaidek.
Bertako ekoizle eta ostalarien laguntzarekin elkarlanean hamabost proposamen prestatu dituzte: Erle eta eztiaren sekretuak tailerra, abeltzaintza jasangarriaren erakustaldia, Botikako Agroaldea ezagutzeko irteera, gaileta tailerra, showcooking-ak, landare jangarriak ezagutzeko txangoa, sukaldeko amantalak sortzeko tailerra, edota Hiruzta txakolindegira bisitak eskainiko dituzte.
Xabier Izagirre Arraunlari Berri jatetxeko sukaldaria da, eta urriaren 2an showcooking jarduera egingo dutela azaldu du. Bertako produktuak eta nekazaritza balioan jartzeko pare bat errezeta egingo dituzte. Amaia Urdangarin, berriz, Badia jatetxeko sukaldaria da, eta tailer bat eta showcooking-a egingo ditu. Tailerrean txikiekin etxean egiteko gozokiak egingo dituzte, bertako barazkiak, frutak eta eztia erabiliz. “Oso pozik nago ideia horrekin. Inportantea iruditzen zait bertako produktua balioan jartzea eta ume txikiei txikitatik bertako produktuez hitz egitea”, nabarmendu du.
Segidan, Botika Agroaldeko Eneko Huartek hartu du hitza. Agroaldetik eskolen bisitak egiten jarraitzeaz gain, aurten eskaintza helduei ere luzatuko dietela jakinarazi du. “Azokan egoten gara eta askok galdetzen digute ea non gauden”. Eskaintza hau, beraz, ezin hobea da garaiko janaria zein den eta batez ere, non lan egiten duten ezagutzeko. Agroaldeko Leire Etxaidek, bere aldetik, mendiko txango bat eskainiko du, egungo barazkien jatorriko basa landareak ezagutzeko. Azkenik, Maore Sagarzazuk eman ditu hark prestaturiko tailerraren inguruko azalpenak. Urriaren 5ean, eguerdiko 12:00etan, umeei zuzenduriko tailerra eskainiko du: umeek amantal bat estanpatuko dute, eskuz egindako zigilu batzuekin.
Tailerretan izena emateko epea zabalik dago, udalaren webgunearen bitartez. Urtizberea zinegotziak gogorarazi duenez, plaza baino eskaera gehiago izango balira, zozketa bidez esleituko lirateke toki horiek. Programa osoa ikusteko egin klik hemen.