"Alardeak ezin du gehiago herria zatitzeko arrazoia izan"
Hondarribiko jaiak bukatu zirenetik bi aste igaro diren honetan Abotsanitz herri plataformak alardearen inguruko hausnarketa plazaratu du.
Alardearen inguruan gertatutakoak aztertu eta hartutako erabakien, bizitako egoeren, alderdi politikoen jarreraren eta herritarren erantzunaren inguruko hausnarketa egin du Abotsanitzek.
Lehenik eta behin, alkateari zen udal gobernu taldeari babes eta elkartasun osoa adiera nahi izan diote jaietan jasandako “eraso kanpaina publikoaren” harira, eta segidan jaietan gertatutakoa azaltzeari ekin diote.
Alkatearen dekretua filtratzeak eragin zuen jaiak hasi baina bi aste lehenago guztiak eztanda egitea. Hilaren 22an sinatu zuen alkateak “inoiz baino adostasun handiagoa” zuen dekretua eta bozeramaile batzordean aurkeztu ondoren, “konfidentzialtasun akordioari muzin” egin eta informazioa filtratu egin zen. Handik egun gutxira hasi ziren “higadura politikoa eta gizartearen polarizazioa” bilatzen zuen estrategia kanpaina: “zurrumurruak, gezurrak, irainak eta fake news-ak”. Horri aurre egiteko, “legeak hala agintzen ez badu ere”, lehenengo aldiz alkate dekretuak publiko egin zituzten.
Irailaren 7an, berriz, muturreko egoera bi bizi izan ziren Salbean: irainak eta txistuak batetik, eta txaloak bestetik. Gertatutakoaren aurrean kritika “beharrezkoa eta zilegia” dela adierazi dute herri plataformatik, baina kritika errespetuz egin behar dela sinesten dutela. Dena den, herritarren jarrerak esperantzara eraman dituela esan dute: “Hilak 8an normaltasuna eta gatazka eza bizi izan ziren herrian. Hondarribia hiriak erakutsi zuen gorrotoaren aurrean errespetua eta heldutasuna dela nagusi”.
Datozen hilabeteetan aurtengo gertakarien irakurketa kritikoa egin eta lanean jarraituko dutela ziurtatu du Abotsanitzek, “gauzak geroz eta hobeto egin eta komunikatzeko, etorkizunera begira eraikitzen jarraitzeko”. Aldi berean, oposizioan dauden alderdiei ere irakurketa kritiko hori egitera gonbidatu dituzte: “Kezkagarria iruditu zaigu oposizioko alderdiek gobernu taldeari leporatutakoa, tentsio giroaren erantzule garela esanez eta gardentasun faltaz jokatu dugula errepikatuz”.
Momentu honetan, bide gurutze historiko baten aurrean daudela jakitun dira eta bi aukera plazaratu dituzte: “Edo sufrimendua beste 25 urtez luzatu eta beste generazio oso bat kaltetu, edo behingoz, maila politikoan elkarrekin bidea egitearena eta alardearen aferan alderdikerietatik urruntzea, herritarrekin bat eginez: Alardeak ezin du gehiago herria zatitzeko arrazoia izan”. Zentzu horretan, konponbidea desberdinen arteko elkarrizketaren bidetik iritsiko dela uste dute, eta Fernando Prado gotzainak hilaren 8an esandakoari erreferentzia eginez, enpatia, malgutasuna eta elkar ulertzeko mezuak aldarrikatu dituzte.
Irakurri hausnarketa osoa hemen klik eginez.