Udal aldizkariaren 108. alea, kalean
Irungo Udalak prest du iraileko publikazioa. 'Helmuga: berrikuntza' titulupean, udalak Via Irun proiektuan jarri du arreta.
Irungo Udalak prest du udal aldizkariaren 108. alea. Helmuga: berrikuntza titulupean, udalak Via Irun proiektuan jarri du arreta, batik bat Aduana Zaharrean, ezinbesteko elementua baita Irungo trenbide inguruko hiri barruti berritzailearen garapenerako. Udal erakundeak gogorarazi du proiektu horrek burdinbidearen eremuko hiri espazioak berritzea duela xede, hirian beste indargune bat sortzeko.
108. zenbakian, gainera, udako kultur agendaren errepasoa egin dute. Aurtengo uda, bisitarien zifrei dagokionez, “arrakasta handikoa” izan dela adierazi du udalak. Bereziki, Oiasso Museoaren eta Menchu Gal aretoaren datuak nabarmendu dituzte. Museo erromatarrak 12.623 bisitari jaso ditu udan, eta aretoak, 575. Horrez gain, Babes Zibileko boluntarioen lanari txoko bat eskaini diote alean. Ohiko atalak ere aurkituko dituzte irakurleek.
Aste honetan hasiko dira 108. zenbakiaren banaketarekin. Orotara, 20.000 ale inguru banatuko dira Irungo etxeetan. Formatu fisikoaz harago, aldizkaria euskarri digitalean ere irakur daiteke udalaren webgunean.