Txingudi Korrikak 25 urte bete ditu
Urriaren 6an abiatuko da Txingudi Korrikaren 25. edizioa. Berritasun ugari prestatu dituzte urteurren berezirako.
Urriaren 6an abiatuko da Txingudi Korrikaren 25. edizioa. Aurtengoa berezia izango dela aurreratu dute antolatzaileek gaur goizean egindako prentsaurrekoan, ohiko lasterketa berritasunekin baitator.
Txingudi korrika 10 kilometroko lasterketa da, Hendaian hasi eta Irun gurutzatu ondoren Hondarribian helmugaratzen dena. Aurten, gainera, Gipuzkoako 10 kilometroko txapelketaren agertokia izango da. Horrek probaren prestigioa eta lehiakortasuna handituko duela ziurtatu dute antolatzaileek. Gipuzkoako Atletismo Federakuntza parte hartzaileen markak homologatzeaz arduratuko da.
Lasterketaren ordua goizeko 10:00etan izatea ere berrikuntza da. Aldaketa lasterkarien esperientzia hobetzeko erabakia dela azaldu du Ibon Muñozek. “Atletek kondizio egokienak izatea ziurtatu nahi dugu, lasterketa ahal den gozagarriena izateko”. Korrikalarien txanda baino lehen gurpildun aulkian eta handbike-n parte hartuko dutenen irteera izango da.
Dagoeneko 425 pertsona inskribatu dira, baina antolatzaileek 600 dortsaletara heltzeko aukera ikusten dute. Inskripzioak urriaren 4an itxiko dira. Izen ematea Kirolprobaken webgunean egin beharko da. Dortsalak bi gunetan jaso ahal izango dira: ostiralean (urriak 4) Palmera Monteron edo larunbatean bertan irteera gunean.
Babesleak honakoak dira: Urme Etxe-agentzia, Super Amara, Laboral Kutxa, Coca Cola, Cuetara, Euskalduna Karrozeriak, Salto Systems, MTX, Diario Vasco, NT2, Insalus, Leire Sport, Zaiza eta Aneto. Horiez gain, Hondarribiko, Irungo eta Hendaiako Udalen laguntza du ere.
Ibilbidea
Ohikoa den bezala, Hendaiako Florida kaitik irtengo da, Urpean urpekari elkartearen egoitzaren parean. Bertatik Hendaiako tren geltokira abiatuko dira. Santiago zubitik Irun erdigunera helduko dira. Iparralde hiribidetik Kolon pasealekua igaro, eta Hondarribia kaletik Hondarribira igaroko dira. Mendelu eta Amute pasa, Aireportuko errepidean aurrera egin eta atletismo pistara helduko dira.
Ibilbidean zehar hornidura puntu bakarra izango da, Kolon pasealekuan. Eta helmugara iristean indarrak hartzeko produktuen poltsatxo bana banatuko dute.
Lasterketako errekorra egin nahi duenarentzako 100 euro gorde ditu antolakuntzak. Denborak honakoak dira: emakumezkoetan Sara Villasantek du errekorra. Kronoa 35:41an gelditu zuen. Gizonezkoetan berriz, Unai Arroyok 30:53ko denbora ezarri zuen.
Irteerara iristeko barku zerbitzu gehigarria ezarri dute. Lau ontzi irtengo dira Hondarribitik Hendaiarantz: 08:30ean, 08:45ean, 09:00etan eta 09:15etan. Horiek erabiltzeko aldez aurretiako erreserba egin behar da. Aldi berean, norberaren arropak gordetzeko zerbitzua eskainiko dute. Irteeran utzitako poltsak Hondarribira eramango dituzte.
Ekitaldi berezia
Larunbat arratsaldean 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute. Hondarribiko Udaletxean izango da 18:30etik aurrera. Txingudi Korrikako historia birpasatzen duen argazki eta bideo sorta proiektatuko dute eta ondoren, sari banaketa egingo dute. Bertan urte hauetako guztietako irabazle, kolaboratzaile, eta babesleak omenduko dituzte. Ekitaldiak ordubeteko iraupena izango du eta segidan, Klink elkartean prestaturiko lunchaz gozatuko dute.
Txingudi Korrika Txiki
Nagusien ekitaldiaren aitzinean txikiak izango dira protagonistak. 200 gaztek parte hartuko dute eta guztiei Super Amarako hamaiketako bat eta Cuetarako gozo bat banatuko zaie.