Parketarrak egitasmoa, hirugarrenez martxan
Kaleetan eta parkeetan euskararen erabilera handitzeko helburua du Parketarrak egitasmoak. Hori sustatzeko lau hitzordu ezarri dituzte: hilaren 26an, urriaren 3an, urriaren 10ean eta urriaren 17an.
Hondarribiko Udalak eta Heztenek Parketarrak egitasmoa martxan jarri dute hirugarrenez. Kaleetan eta parkeetan euskararen erabilera handitzea da egitasmo honen helburua. Horretarako, datozen lau ostegunetan Heztenek dinamizatutako jolas saioak eskainiko dituzte.
Hitzorduak honakoak: Irailaren 26an Biteriko parkean, urriaren 3an Satarkako parkean, urriaren 10ean Puntaleko parkean eta azken saioa, urriaren 17an Biteriko parkean. 17:00etatik 18:00etara 3-5 urte bitarteko haurrek Zabu zibura jolastuko dute. Kasu honetan, helduren baten beharrezkoa da. Eta ordu berean, 6-9 urte bitarteko haurrek Txirrintxonera jolasteko aukera izango dute.
Lehen aldia da egitasmoa estalita dauden bi haur parkeetara hedatzen dutena (Biteri haur parkea eta Satarkako haur parkea). Hala, euria egingo balu, egitasmoa oztoporik gabe jorratu ahal izango litzatekeela azaldu du Garoa Lekuona zinegotziak.