Haurtxoko berria du Irunek, Urdanibia Berrikoa
Udal gobernuak eta EH Bilduk lortutako akordioari esker hamabi plazako haur azpiegitura sortu dute. Izen emateak zabalik dira.
Haurtxoko berria du Irunek. Urdaninia Berrikoa. Urriaren 21ean zabalduko ditu ateak; Uztarri Ona auzo elkartearen egoitzan dago kokatuta haurrentzako aisia azpiegitura, Urdanibia Berriko Eihera plazan: 4-8 adin tarteko haurrek erabili ahal izango dute, hiriko beste haurtxokoen ekipamendu beretsua izango du, eta udalaren arabera “sormena sustatzen duten proposamen estimulatzaile, hezigarri eta dibertigarriz osatutako programa” eskainiko du askotariko jarduera sortaren bitartez. Aurrerago emango du udalak haurtxokoaren programazio zehatzaren berri. Urriaren 21etik urtarrilaren 2ra arte izango da zabalik.
Izen emate aroa zabalik da. Irungo Udalaren webgunetik edo HAZ zerbitzuaren bidez egin daitezke. Sasoiko kuota (urritik urtarrilera) 13.52koa izango da haur bakoitzeko; bizikidetza unitate bereko ahizpa-arreba-anaien kasuan, 7,45koa izango da kuota hori bigarren ahizpa-arreba-anaietik aurrera. Diru sarrerak bermatzeko errenta edo antzeko hobariren bat jasotzen dutenek %90eko hobaria izango dute. Zerbitzua ikasturte osora zabaltzen bada (ekainera arte), familiek oraingoz aurreikusi ez den epe horretako kuota zatia ordaindu beharko dute.
Izena ematerakoan txandak aukeratu behar dira: lehen aukera astelehen eta asteazkenetakoa da, 17:00etatik 19:00etara; bigarrena astearte eta ostegunetakoa, 17:00etatik 19:00etara.
Izen emate aroa urriaren 1era arte izango da zabalik; onartuen behin-behineko zerrenda urriaren 3an argitaratuko du udalak, eta horren gaineko erreklamazioak hil horren 3tik 7ra egin ahalko dira. Behin betiko zerrendak, berriz, urriaren 8an jakinaraziko dituzte, eta eskaintza eskaria baino handiagoa balitz, plazen zozketa 9an egin, eta emaitzak 10ean argitaratuko lirateke. Behin betiko izen-ematea, beraz, urriaren 7tik 11ra arte egin beharko da.
EH Bildu, ados
EH Bilduk jakinarazi du Urdanibia Berriko haurtxokoa egikaritzea pasa den maiatzeko kreditu aldaketa baten ondorioz izan dela, EH Bilduk eta udal gobernuak adostutakoa, eta inguru horretako bizilagunen eskaerari erantzuteko. Haurtxokoa hamabi plazakoa izango dela zehaztu dute bilkideek. “Anaka, Puiana eta Urdanibia Berriko familien kontziliazioan lagunduko duen zerbitzua izango da, eta Irungo auzoetan oinarrizko zerbitzu batzuk egoteko helburuari erantzuten dio”. Izan ere, Irungo EH Bilduk esan duenez, hiriko auzoetan oinarrizko zerbitzuak bermatu behar dira, auzotarren bizitzak errazte aldera. “Gure taldetik lanean jarraituko dugu eskaintza hau indartu eta beste auzoetara zabaltzeko”.