Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saio bat, Hondarribian
Larunbat honetan jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako saioa Hondarribian. Irabazleak final laurdenetara igarotzeko zuzeneko pasea eskuratuko du.
Larunbat honetan hitzordu garrantzitsua izango dute bertsozaleek, Hondarribian jokatuko baita 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortziren saio bat. Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Eneritz Artetxe, Maddi Aiestaran, Oier Aizpurua eta Unai Gaztelumendi bertsolariak puntuaketa onenaren bila irtengo dira, Hondarribiko saioa irabazten duena zuzenean igaroko baita final laurdenetara. Gainontzekoek itxaron egin beharko dute. Hurrengo fasera puntu gehien dituzten beste 17 bertsolari igaroko dira.
Udaberriko sailkapen fasetik 42 bertsolari sailkatu ziren udazkeneko fasean [Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan] Gipuzkoako tituluaren lehian aritzeko. 6 bertsolariz osatutako 7 taldetan banatu zituzten eta dagoeneko lau saio burutu dituzte. Hondarribiko saioaren biharamunean Andoainen eta urriaren 5ean Azpeitian jokatuko dira final zortzirenen azken saioak. Orduan jakingo da saio bakoitzeko irabazleekin zein beste 17 bertsolari arituko diren.
Hondarribiko saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da, Itsas Etxea Auditoriumean. Sarrerak hurrengo estekan eros daitezke.