Udal gobernu taldeak jaien inguruko balorazioa plazaratu du, fokua alardean jarriz
Egitarauak izan duen erantzunarekin pozik agertu dira gobernu taldeko kideak. Alardeari dagokionez, ordea, sendo mintzatu dira. Jokabide deitoragarriak bertan behera uzteko dei egin dute.
Udal gobernu taldeak Hondarribiko Jai Nagusien inguruko balorazioa plazaratu du. Lehenik eta behin, egitarau oparoaz mintzatu dira eta herritarren erantzuna ezin hobea izan dela adierazi dute: “Ekitaldiak jendetsuak izan dira giro herrikoia gailenduz”. Zentzu horretan, Hondarribia dinamiko eta parte hartzaile bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Hala eta guztiz ere, jaietan “kezkatzeko eta larritzeko” egoerak bizi izan zirela onartu dute. Alardeari dagokionez, legezkotasunaren barnean “ardurazko kudeaketa” egin dutela adierazi eta urte osoan zehar adostasunak lortu nahian lanean aritu direla azaldu dute. Jai bezperan, ordea, erantzun bidegabea jaso zutela salatu dute: “Herriko jende batek kanpaina bat antolatu du alkatearen eta udal gobernuaren kontra. Iritzi publikoa manipulatzeko eta erakundeak higatzeko helburua ere izan den desinformazio kanpaina. Funtsik gabeko zurrumurruak zabaldu dira, gezurrak esan dira: errealitatea estaltzeko eta giroa gaiztotzeko. Hondarribiarrok ez dugu hori merezi” esan dute.
Dena den, ez dira bakarrik sentitu, herritar ugariren babesa sentitu dutelako, eta hein batean, “herri bezala aurrera egiteari” babesa adierazi diotelako. Jokabide deitoragari horiek bertan behera uzteko deia egin eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute: Hondarribian elkarbizitza hobetzeko eta 2025eko jaiak hobeagoak eta justuagoak izateko.
Udal gobernu taldearen oharra osoki irakurtzeko egin klik hemen.