Online plataforma berria aurkeztu du Irun Market-ek
'Zure tokiko merkataritza On moduan' lelopean aurkeztu dute Irun Market-en online plataforma berria. Gaur (hilak 20) ikusiko du argia berrikuntzak.
Irungo tokiko merkataritzak “etapa berri bat” hasi du gaur. Zure tokiko merkataritza On moduan lelopean, datozen hilabeteetan Irun Market online plataforman hainbat berrikuntza egingo dituzte. Gaur gaurkoz, 50 saltoki baino gehiago ari dira hainbat jarduera garatzen digitalizazioa, modernizazioa eta trantsizio ekologikoa aintzat hartuta, eta “laster” batuko dira denda berriak (sartu nahi duenak izena eman beharko du udal webgunean).
Nuria Alzaga alkateordea: “Aspalditik ari gara esaten Irun Market plataforma eraldatzen ari dela. Errealitate bat da Irungo merkataritza etengabe aldatzen eta hobetzen ari dela hilabete hauetan abian jarritako programei esker, digitalizaziotik, salmenta-prozesuen hobekuntzatik edo energia-eraginkortasunetik abiatuta, eta ildo horretan, gaur ikusiko du argia merkatarientzat zein erosleentzat hobekuntza nabariak eskainiko dituen online plataformak”.
Online salmentako plataforma berria martxan jartzea etorkizuneko plataformaren lehen pausua dela diote sortzaileek; izan ere, datozen hilabeteetan berrikuntza gehiago egingo dituzte. Halaber, plataformak tokiko banaketa zerbitzua izaten jarraituko duela ere azpimarratu dute.