"Jendeak eman didan indarragatik egin dut aurrera"
2024. urteko Jaizkibel konpainiako kantinera izan da Nahia Salaberria. Lehen aldia izan da desfilean parte hartu duena, eta horrek esperientzia are bereziagoa bihurtu duela kontatu du.
Energia positiboa irradiatzen duen horietakoa da Nahia Salaberria. Irribarre zabal batekin azaldu du irailaren 8an bizitako esperientzia hunkigarria: «Oso maitatua eta oso babestua sentitu naiz».
Egun batzuk pasa dira irailaren 8tik, izan al duzu gertatutako guztia prozesatzeko astia?
Egia esan, ez dut denbora gehiegi eduki. Oraindik erresaka emozionala pasatzen ari naiz, baina hain polita izan da, eta hain ondo pasa dugu… Esperientzia zoragarria izan da. Balantzea oso positiboa izan da, gure aldetik dena ondo egin dugunaren seinale. Udalak eman dituen aurrerapausoek ere asko lagundu dute. Bizitakoa hitz batean azaltzea oso zaila da. Emozio pila bat eta gauza asko izan dira. Baina esango nuke izan dela oso berezia, polita eta hunkigarria, eta aldaketa horien guztien parte izatea oso berezia izan da.
Emozio askoko egunak izan dira, beraz. Irailaren 8az gain, aurretik dagoen guztia ere halakoa izaten da, ezta?
Bai. Oso udara intentsua izan da, aukeratu nindutenetik. Ez nuen denborarik izan jendeari berria emateko. Bi minututara telefonoa mezuz gainezka nuen, dei pila bat… Ordutik, egia esan, oso eskertuta nago. Polita izan da hasieratik. Aukeratzen zaituzten momentutik prestaketa guztian jendea nola bolkatu den, zenbat laguntza, zenbat animo jaso dudan… Oso maitatua eta oso babestua sentitu naiz. Eta bai, argi dago lagunak eta familia agian hor egotea espero dituzula, baina espero ez nuen jende asko ere egon da. Oso polita izan da hori. Konpainiaren babesa sentitu dut hasieratik, eta jende askoren laguntza. Laguntza hori gabe ez da posible aurrera egitea, jendeak eman didan indarragatik egin dut aurrera.
Gauza asko dira prestatu behar direnak, eta horretarako jendearen laguntza ezinbestekoa da.
Gezurra dirudi, baina honen atzean gauza pila dago. Eta ez bakarrik kantineraren kontua prestatzea, hor daude ere udalarekin egin behar dituzun mila bilera, eskaerak eta baimenak. Izan ere, nire kasuan, dena egokituta egotea funtsezkoa zen. Ibilbidean koskaren bat edo oztoporen bat baldin bazegoen hura kontuan eduki behar genuen hori ere prestatzeko.
Gero ere sorpresa pila hartu ditut. Ezagutzen ez nuen jendea hurbildu zait, eta oso mezu politak bidali dizkidate. Oso hunkigarria izan da eta ikusi dut oraindik badagoela jende ona herrian. Herri honetan gertatzen dena surrealista da, oraindik ez dugu lortu errespetu hori. Bakoitzak disfruta ditzala jaiak nahi duen bezala, baina zoritxarrez oraindik badago horren kontra edo berdintasunaren kontra egiten duenik. Horregatik, ezagutzen ez zaituen jendearen artetik halako sorpresa politak jasotzea izugarria izan da. Arrasateko familia batek, ezertaz ezagutu gabe, aulki bat oparitu zidan. Nola liteke! Oraindik ez dakit nola eskertu. Bidea erraztu dit.
Kantinera izatea bizitzan behin gerta daitekeen zerbait da. Nola bizi izan zenuen irailaren 8a?
Nire kasuan ez zen izan bakarrik kantinera bezala ateratzea. Orain arte jaiak kanpotik bizi izan ditut: ikusten, txalotzen, animatzen… Lehenengo aldia izan zen barrutik bizitzen nuena, eta kantinera bezala gainera. Subidoia! Egun guztia flotatzen nengoenaren sentsazioa nuen. Hainbeste animo, hainbeste txalo. Kuriosoa da. Orain dela gutxi arte zutik nengoen. Urte gutxi daramat gurpildun aulkian, hiru urte, eta guztia beste perspektiba batetik bizitzea pasada bat izan da. Behean zaude, hor sartuta, eta musika sartzen zaizu barruraino. Jendea gainean duzula dirudi. Oso potentea da. Jaizkibelek ematen dizu aukera hori, besteak bezala disfrutatzeko. Eta ez dakit desfilatzen nuen lehenengo aldia zelako edo, baina nire sentsazioa izan da inoiz baino jende gehiago genuela bai barruan eta baita kanpoan ere.
Entsegu egunak ere bereziak izan ziren. Lehenengo entsegua bereziki. Amona agertu zen sorpresaz. Berez 8rako etorri behar zen. Gero ama eta ahizpa lehenengo aldiz nire ondoan desfilatzen ikustea oso hunkigarria izan zen, ez nuen espero.
Eta momenturen bat aukeratu beharko bazenu?
Ezin dut bakarra aukeratu, pila bat izan dira. Goiz-goizetik aiton-amonen etxetik ateratzea eta Jaizkibel konpainiak egin zigun pasilloa adibidez, oso hunkigarria izan zen. Eta ordutik, dena! Izan dira hainbeste momentu eta hain politak… Gehien bat amaren familia guztia egon da oso inplikatuta eta inguruko lagunak ere. Orduan, eguna ospatzea gu elkarrekin oso berezia izan zen. Eta konpainia ere hor zegoen. Nire pena eguraldia izan da, gainontzeko guztia hain ondo atera da… gure aldetik behintzat, gure eskutan zegoen guztia primeran atera da, ez dago bainarik. Hori bai, pena izan zen egun polit hori ez daudenekin ezin disfrutatu izana. Nire aiton-amonak, oporretan zegoen izeba bat, arrantzan zegoen lehengusu bat edo dagoeneko ez dauden inguruko batzuk. Hor sentitu ditut, baina eguna beraiekin bizi ezin izana pena izan da. Eta sentsazioa daukat, aiton-amonak gehien bat, egongo zirela hain harro… (zeharo hunkituta). Guadalupekoa kontrolatzea oso zaila egin zitzaidan momentua izan zen. Nire aiton-amonarekin eta nire aitarekin bizitu nahi nuen, eta haiek han ez egotea gogorra izan zen. Baina hortaz gain, dena izan da polita. Ezin dut momentu bat jarri.
Aurtengo jaietan momentu historikoak bizi izan zenituzten.
Gernikako Arbolan gure espazioa izatea eta behingoz konpainia bezala onartua izatea kristoren aurrerapausoa izan da. Eta Zapateroa… beno, beno… Jende askok esan zidan: «Zuek denak hainbeste disfrutatzen ikustea, hain zoriontsu…». Kanpotik ikusten zen denak ginela oso emozionatuta. Asko gozatu genuen.
Erakutsi duzu herritar orok duela jaiez disfrutatzeko eskubidea. Zer esango zenieke eredu bezala ikusi zaituzten horiei?
Niri tokatu zait, baina uste dut izan dela ate bat irekitzea, eta agian pausoa eman ez duten horiei indar edo animoak emango nizkieke. Azkenean, limiteak guk jartzen ditugu, eta oztopo guztien gainetik egin dezakegula aurrera, daukaguna daukagula. Niretzat ohore bat izan da paper hori ordezkatzea, eta argi geratu da Jaizkibel konpainia inklusiboa dela eta berdintasunaren alde borrokatzen dugula. Eskertu nahiko nieke ere berdintasunaren alde borrokatzen duen jende horiei guztiei hau dena posible egiteagatik. Kasu honetan, kantinera bezala egin dut, baina beste modu batean parte hartzea ere posible da: txibilitoarekin, denborrarekin, eskopetarekin edo kubero bezala ere. Denek dugu eskubidea eta horren alde borrokatu behar dugu. Baina hau ez da amaitu. Ate bat zabaldu zaigu hemendik aurrera oztopo guzti hauek gainditzeko, baina berritu behar diren gauza askoren borroka horretan jarraituko dugu.