Jaizkibel Etorbideko hodiak berrituko dituzte
Txingudiko Zerbitzuak arduratuko da lan horiek egiteaz. Hilaren 23an hasiko dira hodi nagusia ordezteko lanak.
Hilaren 23an hasiko ditu Txingudiko Zerbitzuakek Jaizkibel Etorbideko hodiak berritzeko lanak. Lehenik eta behin hodi nagusia ordeztuko dute. Hodi horrek 50 urte baino gehiago ditu eta ur hornidura seguruagoa eta eraginkorragoa bermatzeko aldatuko dute.
Proiektuak guztira 550 metro hodi berritzea aurreikusten du eta lanek bi fase izango dituzte. Lehen fasean 400 mm-ko diametroa duen 160 metroko hodia instalatuko dute, Katalina Erauso kaleko bidegurutzetik Kopako biribilgunera arte. Bidegurutze horretan 250 mm-ko hodi bat konektatuko dute Baserritar Etorbiderantz, eta 300 mm-ko beste hodi bat Jaizkibel Hiribiderantz.
Bigarren fasean, berriz, 300 mm-ko diametroa duen 390 metroko hodi berria jarriko dute. Lanak Kopako biribilgunean hasiko dira eta Jaizkibel Hiribidea zeharkatuko dute Tximista kalera helu arte. Hoditeria berritzeaz gain, ur-edangarria sarea hobetzeko eta saneamendu sistema berritzeko baliatuko dituzte lanak.
Aipatutakoak burutzeko bost hilabete beharko dituzte. Denbora tarte horretan etxeetarako sarbideak bermatuta egongo direla jakinarazi dute Txingudiko Zerbitzuak-etik. Errepidean txandakako trafikoa ezarriko dute, baina momentu jakinetan trafikoa erabat eten beharko dutela aurreratu dute. Txingudiko Zerbitzuak-etik eskerrak eman nahi dizkiete kaltetuak izango diren bizilagunei zein saltokiei, “euren pazientzia eta laguntzagatik”.