Girabira naturaz jantziko da igandean
Igandean Girabira egitasmoaren X. ekitaldiaren hirugarren topaketa egingo da Soroxarta parkean, 12:30etik aurrera. Natura izango da jardunaldiaren haria.
Girabira egitasmoaren X. ekitaldiaren programazioak aurrera darrai, eta igandean (hilak 22) egingo dute denboraldiko hirugarren topaketa. Lehen saioan magia izan zen protagonista, eta bigarrenean, zirkua. Hirugarrena naturari eskainiko zaio, eta natura izango da jardunaldiaren haria. Soroxarta parkeak jasoko du familiei begirako topaketa, eta 12:30ean hasiko da antzerki emanaldi batekin.
Natura ardatz duen jardunaldia 12:30ean hasiko da, Panta Rhei konpainiaren Izarren Hartza antzezlanarekin. Biodibertsitatearen errespetuaren alde sentsibilizatzeko lan bat da. Animaliak beren ingurune naturalean daudenean duten sinpletasuna eta harmonia oinarri hartuta, beldurraren agerpenak deuseztatzeko eta nork bere balioa aurki dezan, modu zoriontsuago bat eraikitzeko.
Antzezlanaren ondoren, 13:30ean, piknik musikatua egingo dute. Girabirearen filosofia da espazio publikoa erabiltzea, kasu honetan Soroxarta parkekoa. Hori dela eta, antolatzaileek parte hartzaileak gonbidatu dituzte piknikeko mantak eta eskuoihalak eramateko eta bertan bazkaltzeko, programazioaz gozatzen duten bitartean.
Sabelak bete ondoren, tailerrak egingo dituzte, 14:30etik 16:30era. Artean Espazioaren eta Jon Saenz del Castilloren eskutik, bi tailer dinamizatuko dira, parkean jasotako elementu naturalak sormen lanetarako euskarri gisa erabilita. Horrez gain, Emhan espazioak haurrentzako masajeen hasi-masien inguruko tailer bat emango du. Bereziki 0 eta 2 urte arteko haurrak dituzten familiei begirakoa da jarduera. Masajeen tailerrean parte hartzeko interesa duten familiek manta edo estera bat eraman beharko dute.
Naturaren topaketaren ondoren, X. edizioko laugarren eta azken jardunaldia egingo dute urriaren 13an (igandea). Txikimusika izena du topaketak, eta Mendibil parkean egingo da, 12:30etik 16:30era.
Girabira
Girabira Irungo parkeetan antolatzen den ibilbide bat da, eta gaikako jardunaldiak antolatzen dituzte hiria hobeto ezagutzeko. Jardunaldi bakoitzean ikuskizunak, tailerrak eta piknikak antolatzen dituzte. Aurrez aipatu bezala, aurtengo gaiak magia, zirkua, natura eta Txikimusika izan dira.
Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak balioan jarri du Girabira egitasmoa: “Girabiraren ekitaldi honekin beste aukera bat daukagu hiriko beste parke bat pozez eta kolorez betetzeko, kasu honetan, Soroxartakoa. Programaren hamargarren urteurreneko jardunaldi bakoitzean ikusten ari gara horrelako ospakizunak guztiz errotuta daudela hirian, eta hori, hein handi batean Txikis del Bidasoak urte hauetan guztietan egin duen esfortzuagatik da”.