Oholtza gainean, indartsu
'Exacticamente diversa' antzezlana aurkezten ari dira. Gironan antzeztu ondoren, Kantabrian izango dira hilaren 28an eta aurki Tolosan ere arituko dira. Talde amateurra diren arren, diziplina eta exijentzia maila handia duen konpainia inklusiboa da.
Ezezagunok Antzerki Elkartea Irungo antzerki talde amateurra da. 2007an sortu zuten Ana Perezek, Miren Etxeberriak eta Luisma Morenok. Hemezortzi urteren ondoren, ekinaren ekinez asko hazi den taldea da, ez bakarrik aktore kopuruari dagokionez, baita antzezlanen eta produkzioen mailari dagokionez ere. Inklusioaren, lanaren eta konpromisoaren eredu bihurtu da.
Perez antzerkiaren mundukoa zen, aktorea eta zuzendaria zen. Etxeberriak eta Morenok, berriz, adimen-desgaitasuna duten pertsonekin egiten dute lan. Lagunak ziren hirurak. Orduan, elkarrekin adimen-desgaitasuna duten pertsonak barne hartzen zituen proiektu bat egitea pentsatu zuten, eta hala sortu zen Ezezagunok. Antzerkiaren dinamiken bidez egunerokotasunean baliagarri zaizkien tresnak jasotzen dituzte partaideek.
Hasieran taldeari zein izen jarri ez zekitela kontatu du Miren Etxeberriak. Orduan, adimen-desgaitasuna duten pertsonei nola deitu izan zaien pentsatzen jarri ziren, eta konturatzerako zerrenda luze eta ez oso polit bat osatu zuten. «Hainbeste izen izan badituzte benetan ezagutzen ez zaielako izan dela pentsatu genuen, eta Ezezagunok izena bururatu zitzaigun».
Hasieran hamabi neska-mutilek osatzen zuten taldea, orain 22 dira. Hasiera talde hartatik zazpik jarraitzen dute. Hasiera gogorra izan zela kontatu du Luisma Morenok: «Hasieran gure proposamena oso oinarrizkoa zen, oso sinplea, iraupen laburrekoa… eta asko kostatzen zitzaigun edozein muntaketa xume egitea». Esperientziaren poderioz proposamenen zailtasunak, estiloak eta egiteko moduak aldatzen eta eboluzionatzen joan direla konturatu dira. Aldi berean, aktoreengan ere hazkuntza eta barne eraldaketa sumatu dutela azaldu du Etxeberriak. «Hasieran mahai baten inguruan eserita jartzen ziren, ez zuten hitz egiten, eta Anak off-eko ahotsa egiten zuen. Ez zegoen mugimendurik, hitzen bat esaten zuten…».
Momentu horiek gogorrak izan ziren hirurentzat. Lehen urtean, 2007an, lanketa askoren ostean hamabost minutuko muntaketa txiki bat sortzeko gai izan ziren, zeina behin bakarrik antzeztu zen: El secreto de las cosas. Etxeberria: «Antzezteko ez zuten inongo lotsarik, beren buruarengan sinestea falta zitzaien». Kurtsoaren bukaeran familiek oso balorazio positiboa egin zuten, aktoreengan aldaketa positiboak ikusten hasi zirelako: arnasa kontrolatzen, memoria lantzen (eszenetara noiz sartu eta noiz atera), beren iritzia gehiago ematen, eta autonomia gehiago izaten hasi ziren. Hori dela eta, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten.
Hasieran, egungo Menchu Gal erakusketa aretoan entseatzen zuten. Eremua, ordea, beste zenbait elkarterekin elkarbanatu behar zuten. «Saio bakoitzero ordu-erdi behar izaten genuen aretoa prestatzeko, eta beste ordu-erdi guztia jasotzeko, baina ilusio handia genuen». Denbora bat igarota udalari eraikin bat uzteko eskatu zioten, eta Lapitze auzoan zegoen eskola zahar batera lekualdatzea lortu zuten. «Mendian galduta ginen, itoginak zituen, eta behin sabaia jausi zitzaigun», gogoratu dute zuzendariek barrez. Zortzi eta hamar urte artean eraikin hotz hori beren gozaleku bihurtu zuten. Egun Irungo Pikoketa kalean entseatzen dute, beste behin Irungo Udalak utzitako lokal batean. Bost edo sei urte daramate bertan eta oso pozik daude. Asteazkenero biltzen dira han, eta bi ordu inguruko saioak izaten dituzte. Aktoreek, ordea, lan handiena etxean egin behar izaten dutela aitortu dute zuzendariek. Familiek lan garrantzitsua jokatzen dute arlo honetan. Elkarrekin testuak ikasi eta errepasatu egiten dituzte, eta dudaren bat sortzen bazaie Whatsapp bidez kontsultak egin ditzakete.
Urtez urte, obraz obra, erronka handiagoak eta konpromiso handiagoa eskatzen duten lanak prestatzen dituzte. Aktoreek ere geroz eta eskarmentu handiagoa dute, eta elkarren arteko konfiantza garatu dute. Hasieratik antzerkia egiteko ideiarekin sortu zen taldea, baina aisialdiko jarduera izatea baino harago joan nahi zuten zuzendariek. Talde amateur baten gisan emanaldiak bilatzen saiatu ziren. 2007tik guztira zortzi antzezlan ondu dituzte, eta egun, Exacticamente diversa aurkezten ari dira. Orain arteko obra zailena eta luzeena da. 70 minutuko iraupena du eta Lewis Carroll-en Alizia herrialde miragarrian liburuan oinarrituta dago. Oinarrituta, bai, ipuineko pertsonaiak bertan agertzen direlako, baina istorio originaletik oso urrun dagoen bertsioa prestatu dute. Bi urte eta erdian gidoiak hemeretzi moldaketa jasan ditu, atzetik dagoen lan handiaren seinale.
Orain arteko antzezlan teknikoena da, eta elementu asko uztartzen ditu. Mezu argia du eta irakurketa ezberdinak egin daitezke. «Lan errazetatik ihes egiten dugu», nabarmendu du Morenok. Etxeberria eta Perez ziren, batez ere, testuaz arduratzen zirenak. Kritika puntu batekin idazten zituzten, hitzei osagarri aldarrikatzaile bat emanez.
Indar handiko proiektua da, txunditzen duen horietakoa. «Ametsak, errealitatea, izan nahi dutena, izatea gustatuko litzaiekeena, edota aniztasunaren pertzepzioarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dira», dio Morenok. «Hiru neska dira protagonistak: hirurek Aliziaren papera antzezten dute, eta haiek dira ezberdinak. Horregatik deitzen da Exacticamente diversa; aniztasunean generoa dago, desgaitasuna, eta beste gauza asko». Protagonisten papera emakumearen aldarrikapen bat da, «horregatik doaz pin-up bezala jantzita. Oso zati intimoak ditu, eta ametsetan, ilusioetan zentratzen da».
Irungo Amaia antzokian egin zuten estreinaldia. Segidan, Hondarribiko Itsas Etxea aretoan antzeztu zuten. Datorren hitzordua hilaren 28an izango dute Pielagoseko Udalak (Kantabria, Espainia) antolatzen duen Un otoño de teatro zikloaren barruan. Ilusioz gainezka daude elkarteko kideak; izan ere, laurogeita hamar antzerki talde amateurren artean hautatu dituzten hiruetako bat izan dira. Oso harro egoteko modukoa da, Espainiako Estatuan ez baitago Ezezagunok bezalako beste talderik.
Hirugarren besaulkia
Aurten Gironako Antzerki Amateurraren Nazioarteko XXIV. Jaialdian (Katalunia) parte hartzeko gonbidapena jaso zuten. Izen handiko jaialdia da, eta hirurehun talderen artean hautatuak izatea lorpen handia izan da haientzat. Kasu honetan ere, ilusio handia egin zien gonbidapenak, «2007tik gisa honetako aukera baten bila lanean gabiltza» nabarmendu du Morenok. Deia jaso zutenetik antzezlana biribiltzen aritu ziren buru-belarri, aukera handi horretara kalitatezko emankizuna emateko prest. Uda gerturatu ahala, ordea, bide laua malkartzen hasi zitzaien.
Ezezagunok Antzerki Taldearen zuzendaritza hiru besaulkik osatzen zuten. 2024ko ekainean horietako bat hutsik geratu zen. Ana Perezen heriotza kolpe gogorra izan zen zuzendari zein aktoreentzat, baina estudioan izandako bilera hunkigarri baten ondoren, Gironako emanaldia Perezi eskaintzea erabaki zuten, «hark hala nahiko zuelako».
Gironako La Mercè Zentro Kulturalean plazaratu zuten abuztuaren 31n. Agertoki oso bitxia bezain berezian antzezteko aukera izan zuten. Eliza zahar bat da, garai batean Gurutze Gorriaren ospitale izandakoa, gerora antzoki bihurtu zutena. Hitzordua baino hiru ordu eta erdi lehenago heldu ziren bertara. Atrezzoa muntatu, arropa eta apaingarriak jantzi, eta prestaketa guztiak egin zituzten. Egoera emozionalki zaila zen arren, antzezleak oso lasai zeuden eta eszenatokia irmoki zapaldu zutela kontatu dute. «Aretoa bete-betea, eta jende garrantzitsu asko zegoen: Escena Materreko zuzendaria, jaialdiko arduradunak, artistak…». Emankizuna bukatuta feedback bikaina jaso zuten: «Listoia oso altu utzi genuela esan ziguten, eta atzetik lan handia zegoela sumatzen zela», nabarmendu du Morenok. Ikuslegoaren txaloak entzun ondoren agertokitik jaitsi, eta egindako lana Perezi eskaini zioten, momentu hunkigarri bezain berezia sortuz. Esperientzia horren ondoren, jai egun batzuk eman zizkieten aktoreei. Entseguetara asteazken honetan (hilaren 18an) itzuli dira.
Perezek, era batera edo bestera, presente jarraitzen du. Haren balioak, egiteko moduak, energia, umorea… haren lagunen, eta aktoreen baitan txertatu zen. Asko ikasi zuten harengandik, eta egiten duten guztiak haren espiritua mantentzen jarraitzen du.
Antzezlanen lanketa
Aurreko obrak, La Paz y otras lunas -ek, indarra galdu zuenean hasi ziren Exacticamente diversa lantzen. Perez izaten zen gaia hautatzen zuena. Lehenik obra egokitu gabe irakurtzen zuten, eta motibatzen bazituen, asteburu-pasa joaten ziren hirurak, obra berriaren gidoia idazteko. Ondoren, aktoreei antzezlanaren gaia azaldu eta entseatzen hasten ziren: testua ikasi eta eszenatokian nola mugitu erakusten zieten.
Paperak banatuta pertsonaiak eraikitzeko ordua izaten zen. Azken obra honetan, gainera, modu berezi batean egin zuten lanketa: «Aktore bakoitzari bere pertsonaiaren inprimatutako irudiak, aldizkari edo egunkari zatietako ebakinak… ekartzeko eskatu genion. Horiek egur batzuetan itsatsi genituen eta hala, pertsonaien nortasuna osatzen joan ginen. Pertsonaietako bat, adibidez, katu bat zen, eta aktoreek oso elegante imajinatu zuten. Hori dela eta, antzezlanean katuak esmokin batekin azaltzen dira».
Azken hiru produkzioetan kalitatean jauzi bat egin nahi izan zutela azaldu du Morenok. Emanaldi guztietara argiztapen teknikari propioa eramaten dute, eta jantzien kalitatea, eszenografia zein atrezzoa nabarmen hobetu dituzte. Guzti-guztia arduraz eta mimoz zaintzen dute, eta bide horretan familiak ezinbestekoak dira. Aktoreei eguneroko lanketa egiten laguntzeaz gain, jantziak adibidez, familiek josten dituzte.
Oholtzara irtetea ez da lan samurra izaten, ohikoa izaten da urduritasunek gain hartzea. Hori ekiditeko hasierako urteetan egun osoko planak egiten zituzten: goizeko 11:00etan geratu, antzokira joan, gauzak utzi eta bazkaltzera joaten ziren. Lasai egon ondoren, antzokira sartu, jantzi eta entsegu orokorra egiten zuten. «Antzezlanaren ordurako neka-neka eginda heltzen ginen, luzea egiten zitzaigun». Orain, hainbat urtetako esperientziaren ondoren, hiru ordu eta erdirekin denbora nahikoa izaten dute, «edozein aktorek bezala», eta hitzordura sekulako energiarekin heltzen dira. Eszenara irten aurretik, aretoa jendez betetzen entzuten hasten direnean, guztiak elkartu eta luzaketak zein arnas ariketak egiten dituzte, urduritasunak baretzeko. Has dadila emanaldia.
Webgunea: www.ezezagunok.org
Sare sozialak: @ezezagunok
Jaime Razkin arduratzen da Ezezagunok-en eduki grafikoak egiteaz.