Aldundiak Lurraldebuseko indarkeria matxisten aurkako protokolo bat garatu du
Azahara Dominguez diputatua kontaktuak egiten ari da protokolo hori aurkezteko, eta aste honetan Irungo Emakumeen Etxeko ordezkariekin bildu da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentua Lurraldebuseko autobusetan indarkeria matxisten aurkako protokolo bat garatzen ari da. Departamentu horrek hilabeteak daramatza lehen protokolo hori lantzen, eta Azahara Dominguez diputatua kontaktuak egiten ari da lurraldeko eragileekin berau aurkezteko. Aste honetan Irungo Emakumeen Etxeko ordezkariekin bildu da haiei ere protokoloaren berri emateko.
Protokoloaren helburua honakoa da: emakumeak eremu guztietan, baita garraio publikoan ere, benetako berdintasuna lortzeko borrokan duten ikuspegia eta esperientzia txertatzea. Ereinn aholkularitza enpresa ari da lan hori koordinatzen, eta garraio publikoaren ikuspegi orokorra izan nahi du, erabiltzaileek autobusetan igarotzen duten denboratik hasi eta geltokien kokaleku eta segurtasuneraino. Dominguez topaketak egiten ari da erabiltzaile, emakidadun, udal edota poliziarekin, eta hainbat elkarte eta emakume etxeren ikuspegia ere jasotzen du. Lurraldebuseko langileek sortu dute protokoloa, eta gizonak, erabiltzaileak eta langileak ere indarkeria horiek desagerrarazteko inplikatzea du helburu.
Honakoa esan du Dominguezek protokoloaren inguruan: “Garraio publikoko segurtasun ezak, erasoek eta sexu jazarpenek gure eskubideak urratzeaz gain, garraio modu horiek modu libre eta seguruan erabiltzeko dugun gaitasuna mugatzen dute, emakumeek bizitza publikoan duten parte hartzean zuzen eraginez. Garraio publikoa emakumeentzako gune seguru bihurtzeko lan egiten dugu, eta, horretarako, hainbat talderekin bildu gara protokolo integral eta proaktibo bat lortzeko. Honek, prebenitzen ez ezik, indarkeria egoera horiek gertatzen direnean jarduteko tresnak eskainiko dizkigu. Gainerako erakundeekin, emakumeen kolektiboekin, langileekin eta erabiltzaileekin batera lan egin behar dugu, garraio publikoa zerbitzu jasangarria, erosoa, irisgarria, lehiakorra eta emakumeentzat segurua izan dadin”.