Ribera azokak arte garaikideaz blaituko du Bidasoa ibaia
Arte garaikidea, memoria historikoa eta muga ardatz dituen azoka larunbat goizean egingo da Santiagoko bidegorrian, hainbat proposamenekin.
Santiagoko bidegorriak Ribera azokaren bederatzigarren ekitaldia jasoko du larunbat honetan (hilak 21). Azoka horrek arte garaikideaz beteko ditu Bidasoa ibaiaren ertzak. Herritarrek hainbat proposamen artistikoz gozatzeko aukera izango dute larunbat goizean, eta gaur goizean aurkeztu ditu egitasmoaren ildo nagusiak Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak. Harekin batera ere izan dira Arkaitz Saiz eta Raquel Meyers, Ribera Beken bi irabazle.
Ribera azokak arte garaikidea memoria historikoaren eta mugaren kontzeptuekin lotuko ditu. Proposamenen artean, mural baten pintaketa eta ekintza poetiko literario bat nabarmendu ditu udal hautetsiak. Ribera Beken emaitzen aurrerapen bat ere aurkeztu du Alzagak. Aurten, Arkaitz Saiz eta Raquel Meyers Arkameyers artisten Relatos del Nuevo Hogar proiektua eta Miren Tirapu eta Ainhoa Resano artisten Urak Darama proposamena sarituko dituzte.
Jardueren artean, Iñaki Martiarena Mattin artistak Milami murala margotuko du. Gaia Lamia izango da, eta Bidasoan gertatzen diren ahozko euskal tradizioko ipuin eta kondaira ugarirekin lotuko du murala. Lamia irudikatzeaz gain, bere ispilua, orrazia, arropa garbitzeko pala edo lihoa egiteko txarrantxa ere islatuko dituzte. Horrez gain, aukeratu dituen paleta kromatikoek arrantza ontziak omenduko ditu: gorria, urdina, berdea, zuria eta beltza. Martiarena bihar hasiko da lanean, Santiago bidegorriko biaduktuan.
Ribera Bekak
Arkaitz Saiz eta Raquel Meyers artistak Relatos del Nuevo Hogar proiektuarekin gailendu dira. Lan horrek XX. mendeko bigarren erdiko Bidasoko migrazio nazionalaren memoria kolektibo eta emozionala du ardatz. Saizek eta Meyersek La Palmera, Porcelanas, Bidasoa, Coches Cama, Aduanak, Montero, Elgorriaga, Sancheski, Recondo edo CAFeko fabrikak erabiliko dituzte kontakizun kolektiboa eta korala kontatzeko. Formatu handiko piezak izango dira, eta garai hura gogoratzen parte hartu ahal izango dute herritarrek. Elkarrizketa horiek grabagailu batean erregistratuta geratuko dira etorkizuneko erreferentzietarako, eta parte hartzaileek opari bat jasoko dutela jakinarazi dute. Proiektua Santiagotik Recondorako bidegorrirako sarbidean aurkeztuko dute.
Bestalde, Miren Tirpau eta Ainhoa Resano artisten Urak darama lana saritu dute. Arista horiek Bidasoa ibaiaren ertzetan bizi diren emakumeen istorioak berreskuratuko eta agerian jarriko dituzte. Laiak eskulturaren ondoan aurkeztuko dute proiektua.
Ekintza poetiko literarioa
Ekintza poetiko literarioa Juan Aizpitarteren ekimenez iritsi da Ribera azokara. Tailer horretan parte hartzen dutenek Mediatekaren edukiak ezagutu ahal izango dituzte, Grace Sandoval artista eta poetaren bitartez. Mediateka gailu mugikor bat da, eta ezagutzak partekatzen ditu bere edukien interpretazio anitzen bidez. Edukiontzi mugikor horrek mugaren gaiari buruzko 100 izenburu inprimatu eta gaikako monografien formako hogei film eta dokumental biltzen ditu.
Edukiontzi mugikor hori abiapuntutzat hartuta, parte hartzaileek, beren sakelakoaren bidez, piezen edukia titular moduan ezagutarazten eta laburtzen duten esaldiak aterako dituzte. Ondoren, esaldi horiek mugako espazioetan islatuko dira, edukiekin harreman espezifiko bat bilatzeko. Pieza horiek, gainera, publikoarentzat irekitako mapa gida interaktibo batean jasoko dira. Ekintza Santiagoko bidegorrian egingo da, Santiagotarraken egoitza aldera.