Marlaxka Xake eskolan izen ematea zabaldu dute
Xake ikastaroa urriaren 1ean hasiko da eta ekainaren 19ra bitarte iraungo du. Xakea ezagutzen ez duenari jokatzen erakutsi eta dakitenei jokoetan sakontzen irakatsiko diete.
Ikasturte berrirako izen ematea zabaldu dute Marlaxka Xake eskolan. Urriaren 1ean hasiko dira saioak eta ekainaren 19ra arte iraungo dute. Maila guztietako neska-mutilei zuzenduriko ikastaroak eskainiko dituzte, gazte mailatik hasita, heldu zein nagusien mailaraino. “Xakeak umeen adimen eta emozioak garatzen laguntzen du”, eta “adinekoei oroimena kontserbatzeko eta mantentzeko onuragarria” dela adierazi dute klubetik. Horregatik, apuntatzera animatu dituzte herritarrak.
Ikastaroaren helburua xakea ezagutaraztea eta ikasteko denbora eskaintzea da, eta xakea ezagutzen dutenei, berriz, jokoaren aberastasunean sakontzeko aukera emango diete. Entrenatzaile lanetan arituko dira Goio Uriarte, EXF-FVAeko entrenatzaile autonomikoa, GXF-FGAeko goi-mailako monitorea eta School Chess Coordinator ECU104, eta Patxi Diaz, FIDE School Instructor eta ECU Hezkuntza Xakeko Europako Monitorea.
Prezioak: hilabeteak 20 euro; hiruhilekoak 60 euro; eta urteak 180 euroko kostua du. Bi seme-alaba apuntatu nahi dituztenek hobaria izango dute: bigarren haurrarengatik erdia ordainduko dute: kasu honetan prezio totala honakoa izango litzateke: hilabetea 30 euro; hiruhilekoa 90 euro; eta urtea 270 euro.