Memoria historikoaren aldeko pausoak ematen ari da Hondarribiko Udala
Urriaren 26an egingo dute 1936an kargugabetutako udalbatzako kide eta udal langileen aitortza eta erreparazio ekitaldia.
Urriaren 26an 1936ko Estatu Kolpearen ondoren kargugabetutako Hondarribiko alkate, zinegotzi eta udal langileei omenaldia egingo diete. Eguerdiko 12:00etan izango da aitortza eta erreparazio ekitaldia. Ekitaldi horretara omendutako pertsonen senideak gonbidatu dituzte. “Urratsak eman dira familia guztiak gonbidatu ahal izateko, baina zaila da, igarotako denboragatik” azaldu dute udaletik. Bertaratzen direnek konponketa aktak jasoko dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren memoriari buruzko politiketan (Justizia eta Giza Eskubideen Saila) jasota dagoen bezala, erakunde publikoen betebeharra da frankismoaren biktimen oroimenezko eta gorazarrezko ekitaldiak egitea. Zentzu horretan, pauso sendoak ematen ari da Hondarribiko Udala.