Emakume Errugbi Eguna antolatu du Txingudik larunbaterako
Txingudi Errugbi Taldeak ateak irekiko dizkie Irungo eta eskualdeko emakumeei errugbia probatzeko. Horretarako, egun osoko programazioa ondu du klubak.
Errugbi denboraldia hastear da. Bi aste falta dira soilik Txingudi Errugbi Taldeko emakumeen lehia ofiziala hasteko, urriaren 6ko asteburuan jarriko baita martxan Euskal Liga. Iaz bezala, Biok Experiential Shopping izango da emakumeen lehen taldeko babesle nagusia, eta gaur klubeko ordezkariek enpresa bisitatuko dute babesletza berritzeko. Biok 2022an hasi zen Txingudirekin elkarlanean, eta iazko sasoian, emakumeen talde nagusiko babesle bilakatu zen.
Txingudiko emakumeen talde nagusiak iazkoa izan zuen lehen denboraldia. Sasoia arrakastatsua izan zen eskualdeko taldearentzat, eta aurten ere ateak ireki dizkiete errugbia gustuko duten emakumeei kirol hori probatzeko. Errugbia ezagutarazten jarraitzeko, Txingudik Irungo Emakume Errugbi Eguna antolatu du larunbat honetarako (hilak 21), eta hiriko eta eskualdeko emakumeei dei egin diete Plaiaundira gerturatzeko. Biok, gainera, errugbi eguneko babeslea ere izango da.
Errugbi topaketa 10:00etan hasiko da. Biok Txingudiko jokalariek ongi etorria egingo diete Plaiaundira gerturatzen diren emakumeei. Ondoren, 11:00etan, jarduerekin hasiko dira. Joko eta dinamika ezberdinak egingo dituzte errugbiaren arlo guztiak azaltzeko. Behin martxa hartuta, 12:30ean bosteko errugbi partidak jokatuko dituzte ikasitakoa praktikan jartzeko. Izerdia bota ondoren, bazkaria egingo dute, 14:00etan.
Egitarauak jarraipena izango du bazkalostean. Biok Txingudik lagunarteko partida jokatuko du Bera Bera Ordizia taldearen kontra, 17:00etatik aurrera. Denboraldi aurreko lehen neurketa izango da bi taldeentzat, eta ohi bezala, hirugarren denbora egingo dute eguna bukatzeko.
Lagunarteko gehiago
Emakumeen talde nagusiaz gain, harrobiko gainontzeko taldeek ere lagunarteko partidak jokatuko dituzte asteburuan. Larunbat goizean, 16 urtez azpiko Txingudi Baztan taldeak Ordizian jokatuko du, eta 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi Baztan taldea, aldiz, Hernanin arituko da. Igandean, berriz, 14 urtez azpiko Txingudi Orereta Baztan taldearen partida jokatuko da, hori ere Hernanin.
Gizonen talde nagusiak ez du partidarik jokatuko asteburu honetan. Iragan larunbatean Jose Luis Peña Toci Kopa jokatu zuten Donostian, Atletico San Sebastian eta Sortzen B talde gogorren aurka.
- 10:00etan: Ongi etorria.
- 11:00etan: Errugbi jokoak eta taldekako tailerrak.
- 12:30ean: Bosteko errugbiko partidak.
- 14:00etan: Bazkaria.
- 17:00etan: Lagunartekoa: Biok Txingudi – Bera Bera Ordizia.