Doako zerbitzu bat, bizikletak konpontzeko
Aldundiak bat egin du Mugikortasunaren Europako Astearekin, eta antolatu duen ekintzetako bat Zabaltza plazara iritsiko da igande honetan: doako zerbitzua bizikletak konpontzeko MUGI txartel pertsonalizatua duten erabiltzaileentzat.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuek bat egin dute Mugikortasunaren Europako Astearekin. Departamentu horiek arduradun politikoak eta herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte garraiobide iraunkorragoak erabiltzeak osasun publikoan eta ingurumenean dituen onurei buruz. Hori dela eta, hainbat ekintza ondu dituzte, eta horietako bat Irunera iritsiko da: doako zerbitzua bizikletak konpontzeko MUGI txartel pertsonalizatua duten erabiltzaileentzat.
Bizikletak konpontzeko jarduera igande honetan (hilak 22) izango da, Zabaltza plazan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Furgoneta tailer bat jarriko dute bizikleten oinarrizko konponketak egiteko. Aurrez aipatu bezala, MUGI txartel pertsonalizatua dutenei begirako zerbitzua da. Horrez gain, Cyclope Bicis dendak ere bat egin du kanpainarekin, eta bizikletak doitzeko zerbitzua eskainiko die MUGIko erabiltzaileei.
Egitasmo horren helburua da herritarrak erretiratuta dituzten bizikletak erabiltzera animatzea eta ibilgailu pribatuen erabilera uztea. Aurreko ekitaldietan bezala, dendetan eta tailerrean kupoiak jarriko dituzte. Parte hartzaileak bi bizikleta eta 50 euroko bi bonuren zozketan sartuko dira. Bonu horiek atxikitako dendetan erabili ahal izango dira, bizikleten materiala erosteko. Era berean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin elkarlanean, MUGI txartelean 20 euroko 60 birkarga zozkatuko dituzte.
Bizikletak konpontzeko doako zerbitzuaz gain, aste osoan hamabi tailer egin dira Irungo eta Tolosako DBHko ikastetxeetan, 350 ikasle ingururi zuzendutakoak. Honakoak landu dira ikasleekin: joan-etorrietan bizikletaren erabilera sustatzea, batez ere etxetik ikastetxera, eta gidatzeko praktika arduratsuak bultzatzea. Horrez gain, bizikletak garraiobide gisa dituen ingurumen onurak eta gazteen ongizate fisiko eta mentalean dituen eragin positiboa nabarmendu dituzte. Ikasleek, gainera, bidegorrietan modu seguruan zirkulatzen, trafiko arauak errespetatzen eta oinezkoekin eta ibilgailu motordunekin modu harmonikoan bizitzen ikasi dute.