Irunek Osasun Sailari benetako konpromisoa eskatu dio
Cristina Laborda Irungo alkateak Bozeramaileen Batzarra deitu du Osasun Sailak osasun ekipamenduen inguruan proposatzen dituen aldaketak partekatzeko.
Cristina Laborda Irungo alkateak Bozeramaileen Batzarra deitu du gaur goizean Osasun Sailak hiriko osasun ekipamenduen inguruan proposatzen dituen azken aldaketak partekatzeko.
Horrela hasten da prentsa oharra: “Gogoratu behar da Irungo osasungintza Osasun Sailaren zor historiko bat dela; Irungo Udalak eta Osasun Sailak 2015etik hitzartua zuten osasun azpiegituren plangintza. Akordio horrek Oñaurren hirugarren anbulatorio bat eraikitzea eta Bidasoa ESIk zehaztutako erabilera eta zerbitzu batzuk aurreikusten zituen”. Hala ere, plan hori ezerezean geratu zen 2022an udalak Bidasoa ESIren plan zuzentzailearen dokumentu berria “prentsaren bidez ezagutu zuenean”.
Gaurko saioan, beraz, Labordak azpimarratu du plan zuzentzailea adostuta eta itunduta egin behar dela hiriko osasun ekipamenduak eta horiek eskainiko dituzten erabilera eta zerbitzuak modu integralean antolatzeko: “Gobernuak hirigunean milaka metro karratu eskatzen jarraitzen du, eta ez dakigu horiek zer erabilera izango duten, zer espezialitate, zenbat profesional…”.
Bestalde, Oñaurre berehala eraikitzeko udalaren apustu irmoa berretsi du alkateak: “Oñaurren anbulatorioa eraikitzeko asmoa alde guztiek babesten dute: udalak; profesionalen kolektiboak… Inork ez du ulertzen zergatik blokeatzen den ekipamendu hori gaur egun adostuta dugun berehalako irtenbide bakarra denean. Ezin da gehiago itxaron”, azaldu du alkateak.
Halaber, nabarmendu du Eskualdeko Ospitalea handitu eta hobetu beharra dagoela, “Osasun Sailak berak bere Plan Estrategikoan jasotzen zuen defizit bat baita”.
Horretaz gain, Labordak beste irtenbide bat planteatu du: Ospitale Zaharreko bulegoen atzealdea. Ildo horretatik, alkateak adierazi du udalaren aurreko orubea ez dela irtenbide bideragarria anbulatorio handi bat eraikitzeko: “Espazio horrek ez ditu bere baldintzak betetzen. Gainera, irundarrentzat izaera sinbolikoa duen plaza batez ari gara, hiriaren bihotza eta gure topagune enblematikoena “.
Bozeramaileen Batzarra amaitu ostean, alkateak Osasungintzaren defentsa aldarrikatu nahi izan du: “Bizi izan duguna desleialtasun instituzionala izan da. Osasun Sailak eten egin du gure arteko elkarrizketa, nahiz eta udalak benetako konponbideak bilatzen jarraitzen duen. Hala ere, nire borondatea beti izango da hizketa eta instituzioen arteko lana, hori baita konponbide bakarra. Denaren gainetik herritarren interesak eta beharrak daude; beraz, gure ardura da adostasunaren bidetik akordio bat lortzea, osasunarekin zerikusirik ez duen guztia alde batera utzita”.