Udal antzerki tailerretan izena ematea zabalik dago
Mikel Sarriegi zuzendariak gidatuko ditu 11-17 eta 18-30 adin tarteko antzerki tailerrak. Urriaren lehenean itxiko da izena emateko epea.
Hondarribiko Udaleko Gazteria sailak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduriko antzerki tailerrak antolatu ditu. Tailerrean gorputz adierazpena, emozioen kudeaketa, interpretazioa, jendaurreko komunikazioa, ahotsaren proiekzioa, presentzia eszenikoa eta talde lana landuko dituzte, ondo pasatzeaz gain. Saioa asteazkenetan izango da 18:00etatik 20:00era. Klaseak urriaren 1ean hasiko dira.
2018tik hona 11-17 urte bitartekoentzako tailerrak eskaini ditu Gazteria sailak. Saio honen helburua gazteek lehenengo teknikak eta arauak ezagutaraztea da, beti modu ludiko batean. Hau da, jolasen bidez. Saio hau asteazkenetan izango da 17:30etik 19:30era. Klaseak urriaren 2an hasiko dira.
Orain artean Talaia eskolako Biteri eraikinean ziren saioak, eta abiatzear den ikasturtean ere hala izango den arren, zenbait egunetan Kultur Etxeko agertokian entseatzeko aukera izango dute antzezleek: “Era horretan oholtza gainean entseatu ahal izango dute”.
Tailer bakoitzerako hamabi plaza daude, eta urteko kuota 160 eurokoa da. Bi kasuetan Mikel Sarriegi arituko da zuzendari lanetan. Izen emateak www.hondarribia.eus-en urriaren 1a baino lehen.