'Mexico 1977. Testimonios de tortura' liburua, hizpide Kabigorrin
Victoria Mendoza Salgado idazlearen liburua ostegunean aurkeztuko dute, 19:30ean. Idazleak estatu terrorismoko garai bateko egiak jaso dituela jakinarazi dute antolatzaileek.
Ostegunean, hilak 19, Victoria Mendoza Salgado idazlearen Mexico 1977. Testimonios de tortura liburua aurkeztuko dute Kabigorri Ateneoan, 19:30ean. Liburu hori familia eta lagunen arteko talde lan baten emaitza dela adierazi dute antolatzaileek. Victoria Mendozak estatu terrorismoko garai bateko egiak jaso dituela jakinarazi dute. Garai hartan poliziak, brigada zuriko kideek, armadak eta militarrek gazte asko bahitu, desagertu, torturatu eta hil zituztela kontatu dute Kabigorriko kideek, eta dena politikoen aginduei jarraituz.
Liburua benetako istorioen bilduma bat dela baietsi dute, eta protagonistek lehen pertsonan kontatzen dituzte gertakizunak. Beren izenean hitz egiten dute, eta gertaerak kontatu eta salatu ezin dituztenei ahotsa eman dietela kontatu dute, 1970eko hamarkadako Gerra Zikinaren garaian torturapean ehunka lagun desagertu eta hil zituztelako.
Kabigorriko kideen esanetan, honakoak dira liburuaren helburuak: garai hartan bizirik iraun zutenei tarte bat ematea; Gerra Zikinaren errepresio boladatik bizirik atera ezin izan zutenen izenean hitz egitea; eta beren bizipenak eta mina gizarteratzea tortura edozein herrialdetan eta munduko txoko guztietan desagerrarazteko.