Merkal Calzadoseko langileek elkarretaratzea egingo dute bihar
Langileek hiru hilabete daramatzate greba mugagabean, eta argi dute mobilizazioa dela bide bakarra. Elkarretaratzea 12:00etan izango da, Txingudi merkataritza zentroko dendaren aurrean.
Merkal Calzadoseko langileek greba mugagabean jarraitzen dute. Ikusirik hitzarmen sektoriala 2009tik berritu gabe zutela eta haien akordio propioaren indarraldia 2019an bukatu zela, iaz hitzarmen propioa negoziatzeko urratsak egiten hasi ziren langileak. Orotara, 50 langile inguru daude Gipuzkoako Merkal Calzadosen lanean.
Langileak asanbleak egiten hasi ziren, eta plataforma bat eratu zuten. Bederatzi hilabetetan enpresak “jarrera pasiboa” izan duela salatu du ELA Sindikatuak. Hori dela eta, langileek hainbat ekintza egin dituzte denbora horretan: elkarretaratzeak, antzerkiak, sinadura bilketak, kotxe karabanak eta grebak. Langileek hiru hilabete daramatzate greba mugagabean, eta enpresa haiekin esertzea lortu dutela jakinarazi du ELAk.
Sindikatuak adierazi du enpresak oraindik ez duela “planteamendu zehatzik” egin, baina “mobilizazioen areagotzeak” bilera berri baten proposamena ekarri duela baietsi du ELAk. “Langileek argi daukate mobilizazioa dela bide bakarra”, esan du sindikatuak. Bide horretan, langileek elkarretaratzea deitu dute biharko (hilak 17, asteartea), 12:00etan, Txingudi merkataritza zentroko dendaren aurrean.