Xake festa handia Hondarribiko Jai Nagusietan
Jaien baitako zazpigarren xake jaialdia antolatu zuten hilaren 14an. Parte hartzea handia izan zen eta "primeran" pasa zuten denek.
Hilaren 14an gauzatu zen Marlaxka Xake klubak Hondarribiko udalaren, Gipuzkoako Xake Federazioaren eta Eroski Center Hondarribiaren laguntzaz antolatzen duen 7. Hondarribiko Jai Nagusietako 16 urte azpiko eta absolutu mailako jaialdia.
Parte hartzea zabala izan zen. Hondarribiko, Irungo, Hendaiako eta Lesakako gazteez gain, Gipuzkoako, Bizkaiako, Arabako zein Nafarroako herri ezberdinetatik etorritako berrogei gaztek parte hartu zuten, eta absolutu mailan berrogeita bi izan ziren parte hartzaileak. Txapelketa sei txandetan jokatu zen, suitzar sistemako 10 minutuko partidetan eta nazioartean arbitro gisa aritutako Mikel Almansa izan zen arbitro lanak burutu zituena. Egunean bertan, xakezaleen kanttua prestatu zuten ere. Txoko horretara bertaratu ziren hogeita hamar zaletuek modu ludikoan parte hartzeko aukera izan zuten, “eta denek primeran pasa zutela esan ziguten”. Partida guztiak martxan zirela, eta arratsaldeak aurrera egin ahala Eroski Center Hondarribiaren eskutik merienda goxo bat dastatzeko aukera izan zuten denek.
Sari banaketa eta emaitzak
Lehiaketako irabazleak jakitearekin bat banatu zituzten sariak. 16 urtetik beherako guztiek domina bana jaso zuten, eta lehen laurek Floren Porturen Beste jaiak argazki liburua jaso zuten ere. Oroigarriak Lupe Queiruga zinegotziak eta aldi berean elkarteko zuzendaritzako kidea denak, Txane Carrillo diruzainak, Mariaje Berrotaran eta Joserra Garmendia bokalek eta Goio Uriartek txapelketako zuzendariak, banatu zituzten.
Sailkapenak Marlaxkaren webgunean kontsulta daitezke.