Hondarribiko EAJ, Alardeaz: "Konponbide justu bat ez da inoiz inposaketaren bidez iritsiko"
Auten, "gaindituta zeuden tentsio uneak berpiztu" direla uste dute jeltzaleek. Irailaren 7ko aurreskuan bizitakoaren aurrean "tristura" azaldu dute.
Hondarribiko EAJk irailaren 8ko Alardeaz, eta aurretiko giroaz balorazioa egin du. Azaldu dute 2024ko jaietan “gaindituta zeuden tentsio uneak berpiztu” direla: “Konponbide justu bat ez da inoiz inposaketaren bidez iritsiko”. Alta, hondarribiarren jarrera txalotu dute jeltzaleek: “Irailaren 8an, herritarren gizalegezko eta errespetuzko jokabidea izan da eguna bake eta alaitasun giroan ospatzeko aukera eman duena. Hondarribiarrak gai dira Alardea bizitzeko bi modu desberdinei errespetua adierazteko. Biak dira legezkoak. Biek merezi dute errespetatuak izatea”. Alardearen gatazkaren gaineko konponbidea “errespetuan eta errekonozimenduan” kokatu du EAJk, “horretan lanean jarraituko dugu”.
EAJren ustez, Alarde parekide eta bakarraren alde daudenak “alde batera uzten ari dira Alarde tradizionalak jasotzen duen babes sozial handia. Jarrera hori okerra dela iruditzen zaigu”. Jaizkibelek hondarribiarren artean babesa duela onartu dute, “ezin da gutxietsi Jaizkibelek jasotzen duena babesa”, eta horregatik, konpainia parekidea “aitortu eta errespetatu” egiten duela adierazi dute jeltzaleek.
Autokritika egitea eskatu diote udal gobernuari, “aldaketen azalpenak emateko garaian izandako gardentasun faltagatik. Horrek ziurgabetasuna eta ezinegona eragin ditu herritarren artean, guztiengan, Alardea ulertzeko eta bizitzeko modu baten eta bestearen aldekoen artean”. Hala, Alardearen gainean hartzen diren erabakiek “ondorioak ondo neurtu” behar dituztela uste dute EAJko kideek, “aldez aurretik eragileen artean adostu behar dira. Aurten ez da horrela izan”.
Irailaren 7an, udal korporazioaren aurreskuan, hainbat kidek erabaki zuten hura gaitzestea, hautetsiak txistukatu eta iraindu zituzten: “Udalbatzaren aurreskuan gertatutakoa oso gogorra iruditu zitzaigun, eta hurrengo egunetan baloratuko dugu. Tristura handia sortu digu kaleko ziurgabetasun eta tentsio horrek, batez ere irailaren 7ko arratsaldean”.
2025eko festetan begia jarri dute jeltzaleek jada. “Argi dugu urte osoan egin behar dugula lan elkarrizketa gune seguruak eraikitzeko eta galdutako konfiantza berreskuratzeko. EAJk apustu egiten jarraitzen du,
azken urteetan bezala, errespetuaren, elkarrekiko onarpenaren eta bizikidetzaren alde lan egiten. Benetan uste dugu horiek direla prozesu honek ibilbide eta amaiera positiboa izateko oinarria”.