Zapore onarekin bukatu du liga Ama Guadalupekoak
Asteburu borobila egin dute Hondarribiko arraunlariek. Larunbatean laugarrenak izan ziren Bermeon eta igandean hirugarrenak Portugaleten.
Ligako azken estropadetako sentsazio kaxkarrak atzean utzi eta Hondarribia talde lehiakorra izan daitekeela erakutsi dute asteburu honetan. Larunbatean Bermeon laugarrenak izan ziren. Bigaren txandatik egin zuten boga, eta erlojupeko bat balitz bezala aritu ziren laugarren kaletik. Itsasoa mugitua zegoen eta haizeak gogor jotzen zuen, baina Ama Guadalupekoa itsasoaren egoerari ongi egokitu zen. Brankaz olatuen kontra fin aritu eta poparean olatuak ederki probestu zituzten.
Bermeoko bandera etxean geratu zen, aise menderatu baitzuen estropada Bou Bizkaia ontziak (20:29,26). Bigarren sailkatuari, Zierbenari, 21 segundo atera zizkion (20:50,34), eta hirugarrenari, Donostiarrari 24 (20:53,90). Hondarribia laugarren sailkatu zen 21:04,98ko denborarekin.
Hurrengo egunean Portugaleten lehiatu ziren. Kasu honetan ere, bigarren txandatik aritu ziren berdeak. Hirugarren kaletik irten eta berehala hartu zuten distantzia gainontzeko traineruekiko. Hala, laugarren kalean sartzeko oztoporik izan ez eta estropada bikaina burutu zuten. Sailkapen orokorrean hirugarrenak izan ziren, Donostiarraren aurretik (2 segundo) eta Orioko trainerutik lau segundo eskasera. Beste behin jardunaldiaren jaun eta jabe izan ziren bermeotarrak. Portugaleteko El Corte Ingles bandera bere egin eta Ligako garaikurra jaso zituzten.
Portugaleten, festa
Zaletu ugari gerturatu ziren Portugaletera. Kamiseta berdeak soinean sutsuki animatu zituzten arraunlariak. Estropada ikusi ondoren, Abiyuan txarangarekin berdez tindatu zuten Portugaleteko Coscojales kalea. Ikus eguneko irudi batzuk: