Artalekuko egitura konpontzeko lanak, martxan
Estalkiaren egitura espaziala aztertu ondoren, udaleko zerbitzu teknikoek ikusi zuten barra batzuk oso egoera txarrean zeudela. Obrek hiru hilabeteko iraupena izango dute.
Irungo Udaleko Obra arloak jakinarazi du martxan direla Artaleku kiroldegiko egitura konpontzeko lanak. Jarduketa horiek 242.500 euroko aurrekontua dute, L&M Ingenieros S.L.U. enpresari esleitu zaizkio, eta hiru hilabeteko iraupena izango dute.
Kiroldegiaren estalkiaren egitura espaziala aztertu ondoren, udaleko zerbitzu teknikoak ohartu ziren barra batzuk oso egoera txarrean zeudela, herdoil asko pilatua dutelako. Arazoa konpontzeko, herdoila kenduko dute egituratik, garbiketa mekaniko bidez, eta ondoren egituraren gainazala babesteko tratamendu bat aplikatuko dute.
Horrez gain, barra batzuk ordeztu behar direla aurreikusi dutenez, esferaren loturak berrikusiko dituzte barra berriak instalatu aurretik. Esferaren muturrak prestatu ondoren eramango dituzte barra berriak bertara, dagokien lekuan jartzeko.