[Erreportajea] Iñigo Muguruzaren ikasle ohiak, oraindik ere ikasten
Biarritzeko Atabal aretoan ekingo dio mundu birari Fermin Muguruzak abenduaren 17an, bere anai Iñigoren omenezko kontzertu batekin. Bertan jotzen arituko da Iñigoren Dizipuluak taldea, haren ikasle izandakoak denak.
Bost urte igaro dira Iñigo Muguruza musikari moskobita zendu zenetik, eta ordutik, bizitza ospatzeko festak eta ekitaldiak asko izan dira. Bere auzoan egin zen esanguratsuena, haren urtebetetze eguna izango zen iazko abenduaren 17an. Ane Borreguero Oliden artista irundarrak, bere lagunen laguntzarekin, Muguruzaren omenezko murala margotu zuen Peña kalean, eta horren inaugurazioa festa hutsa izan zen. Muguruzaren hainbat ikasle eta auzoko hainbat musikari elkartu, eta haien irakasle izandakoaren ibilbide musikaleko hainbat abesti jo zituzten. Gau horren laburpen bideoa bidasoa.hitza.eus orrialdean.
Aldi berean, abuztuko Moskuko jaietan Kortaturen 40. urteurreneko festa ere handia izan zen, eta Muguruza presente egon zen. Aurreragorako, baina, beste festa bat iragarri du bere anai Fermin Muguruzak Biarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoan, abenduaren 17an hori ere: Iñigok beteko lituzkeen 60 urteak ospatzen hasiko du Ferminek mundu bira.
Kontzertu berezi horretan Iñigoren Dizipuluak izeneko taldea igoko da oholtzara. Talde hori Muguruzaren ikasle izandakoek eta haien lagunek osatzen dute, hala nola, Iñigo Bereziartuak, Aritz Ugartek, Xabi Ugaldek, Gorka Errok eta Iker Gamaraik. Haietako batzuk Peña kaleko muralaren inaugurazioan bildu ziren, eta Fermin Muguruzak berriro elkartu eta abenduko omenaldi berezian parte hartzeko proposamena luzatu zien. Ugarterentzat «sorpresa eta ohorea» izan zen proposamena jasotzea: «Ferminek Euskal Herriko beste edozein talderi eska ziezaiokeen hasierako gonbidatu bezala jotzea. Auzoko jendea oholtzara igotzea ohorea da».
Kide bila
Ferminen proposamena jaso, eta taldea osatzeari ekin zioten. Asko izan dira Iñigoren ikasgelatik igarotakoak, eta batzuk haien artean ezagutzen diren arren, elkar topatzeko bidean dabiltza. Ugartek argi zuen Bereziartua eta Ugalde bertan egon behar zirela, muralaren inaugurazioan ere izan zirelako. Horrez gain, haien irakasle izandakoaren diskografia osoa «jaten» aritu direla aitortu du Ugaldek, eta prozesu horretan harengandik ikasten jarraitzen dutela aitortu dute Bereziartuak, Ugartek eta Ugaldek. «Jo behar ez ditugun abestiak ere ikasi ditugu. Haren lana errepasatzen ari gara, eta oso polita eta frikia izaten ari da», azaldu du Ugaldek. Bereziartuarentzat «erronka» da ordu erdiko kontzertu batean «abestitzarren artean» aukeraketa bat egitea.
Hiru ikasleak elektrotxarangetako kide dira, Muguruzaren abestiak jotzen zituzten. Haien irakaslea hil zenean, kanta horiek jotzeari utzi zioten «zerbait aldatu» zelako horien esanahian. Bi urte baino gehiago izan ziren horiek jo gabe. Orain, «serio eta begirunearekin» igoko dira Biarritzeko oholtzara. Sarrera guztiak agortu dira.